Olatz Salvadorrek kontzertua eskaini du La Bodeguillan, Arteak Ireki plataformarekin bat eginez
Olatz Salvador musikari donostiarrak kontzertua eman du gaur eguerdian La Bodeguilla tabernan, eta, eguraldiak lagunduta, giro aparta egon da. Arteak ireki plataformarekin bat egin du Amarako tabernak, Eusko Jaurlaritzak Jolas Jardueren Legea aurrera eramateko onartutako dekretuaren aurkako aldarrikapena egiteko. Lege horren bitartez, zuzeneko ikuskizunak egiteko lizentziarik ez duten taberna eta areto txikiek urtean gehienez 12 ikuskizun egiteko muga izango lukete. Kultur sektorearen zati handi baten protesten ondoren, ordea, dekretua atzera botatzeko tramitazioa hasi zuen atzo Jaurlaritzak, horrela zuzeneko ikuskizunen muga bertan behera utziz. Beraz, aldarrikapen kutsua baino gehiago, ospakizun kutsua izan du gaur eguerdiko kontzertuak.
La Bodeguillako Libe Lafuente pozik agertu da Salvadorren kontzertuarekin, eta positiboan baloratu du zuzeneko ikuskizunen mugaren kentzea: “Guretzako dekretuak ez du zentzu handirik, azkenean arteari mugak jartzea baita”. Bestalde, horrelako lege batek arteari mugak jartzeaz gain, beraiei, tabernari gisa, ere mugak jarriko lizkiekela deritzo Lafuentek, eta baita artista berriei ere. Izan ere, haren aburuz, tabernak dira artista berrientzat hasteko lekuak: “Gaur egungo artista handi asko taberna txikietan jotzen hasi dira, eta gu saiatzen gara artistei eskaintza hori egiten, espazio hori ematen”.
Donostiako beste taberna batzuek ere bat egin dute Arteak ireki plataformarekin, eta kontzertuak antolatu dituzte arratsalderako: 19:00etan jam session inprobisazio saio bat egingo dute Groseko Callejon 13 kultur espazioan, 19:30ean Tristtan Mourguyk eta Horebak joko dute Egiako La Tabernan, eta 20:00etan Jade taldeak kontzertua eskainiko du Parte Zaharreko Aurresku tabernan.