Plaka batzuk jarri dituzte ETAk 1976an eraildako lau pertsona omentzeko
Donostiako Udalak Juan Maria Araluce Villar, Jose Maria Elizegi Diez, Antonio Palomo Perez eta Luis Francisco Sanz Floresen omenez plakak jarri ditu Askatasunaren hiribideko 7 eta 9 zenbakien artean. 1976an erail zituen ETAk atentatu batean, plakak jarri diren leku berean. Alfredo Garcia Gonzalez ere oroitu dute, atentatu berean hil baitzuten, baina, udalak azaldu duenez, ezin izan dute bere senideekin harremanetan jarri.
Gipuzkoako Foru Aldundiko presidentea zen Juan Maria Villar erail zutenean. Jose Maria Elizegi Diez bere gidaria zen, eta bere bizkarzainak Antonio Palomo Perez, Luis Francisco Sanz Flores eta Alfredo Garcia Gonzalez.
Udalak, azaldu duenez, “ildo desberdinetako terrorismoak (ETA, Batallon Vasco Español, GAL) eragindako biktimak zein 1960 eta 2010 artean poliziaren bortizkeriak eragindako biktimak” omentzeko asmoa du. Horretarako “prozesu luzea” garatu behar duela gehitu du udalak, biktima bakoitzaren senideekin hitz eginez eta euren borondatea errespetatuz.