"Udaltzainen salaketa gezur batean oinarritzen da, eta eragin latzak izan ditzake Moussarentzat"
Iazko ekainean, kalez jantzitako bi udaltzainek gizon senegaldar bat atxilotu zuten Parte Zaharrean, kalean artisau lanak saltzen ari zelako. Beste auzotar batzuekin batera, Joseba Alvarez (Donostia, 1959) Moussa Sowren defentsan agertu zen une horretan, saltzailea tratu txarrak jasaten ari zela ikusi zuelako. Moussari udaltzainen aurkako erasoa egozten diote orain, eta desobedientzia Alvarezi. Epailearen aurretik pasa beharko dira biak martxoaren 26an.
Zer gertatu zen Moussaren atxiloketaren egunean?
Ekainaren 21ean, Parte Zaharretik artisau lanak saltzen ari zela, kalez jantzita zihoan udaltzain batek Moussa gelditu zuen. Kalean saltzeko baimenik ez zuenez, agenteak saltzeko zuen material erdia kendu eta 100 euroko isuna jarri zion.
Hortik hiru egunera, San Juan Egunean, berriro ere Abuztuaren 31ko kalean, betiko moduan artisau lanak saltzen ari zela, polizia bera berriz hurbildu zitzaion Moussari. Baimenik ez zuela jakinda eta identifikatua zuelarik, udaltzainak zigor administratibo berri bat jarri ziezaiokeen, baina hori egin ordez, atxilotu eta polizia-etxera eraman nahi zuen.
Moussa era legalean dago Euskal Herrian, eta agente horrek bazekien nor zen, hiru egun lehenago identifikatu zuelako. Hori dela eta, ez zegoen atxiloketarako inolako justifikaziorik eta ezta aukera legalik ere. Izan ere, arau-hauste administratibo batengatik ez dago inor atxilotzerik.
Inguruan zeundetenak hurbildu egin zineten orduan.
Kalean geundenok ikusi genuen Moussa bi pertsonen artean heltzen ari zirela, jokabide oso bortitzarekin. Ez genekien udaltzainak ziren ala ez, kalez jantzita zeudelako. Hori dela eta, auzotarrek inguratu egin zituzten, hor gertatzen ari zena ulertu nahian.
Esan beharra dago Moussa pertsona ezaguna dela auzoan. Lagun asko ditu hemen, eta ez du inoiz inolako arazorik eragin.
Zer egin zenuen zuk?
Atxiloketaren unean, ni Ormazabal tabernatik atera nintzen, han bainengoen nire ama eta arrebarekin, eta zer gertatzen zen ikusteko hurbiltzea erabaki genuen. Kalez jantzita Moussa oso modu txarrean zeramaten bi gizon haien aurrean jarri nintzen eta nortzuk ziren galdetu nien, eta beraietako batek plaka erakutsi zidan udaltzainak zirela adieraziz. Nik leporatu nien euren lana herritarren eskubideak bermatzea dela, eta ez horiek zapaltzea.
Udaltzainen erantzuna errefortzuak eskatzea izan zen, eta borrak eskutan zituztela beste bi udaltzain etorri zirenean, Moussa kotxean eraman zuten auzotik, atxilotuta.
Bost hilabetera, polizien aurkako mehatxuak eta istiluak leporatu dizkizutela jakin zenuen. Moussari, aldiz, udaltzainen aurkako erasoa egozten diote.
Ikaragarria da. Gertu geunden guztiok ikusi genuen Moussak ez zuela inolako erasorik egin. Are gehiago, poliziak era oso bortitzean eraman zuen, bultzaka eta besoa bihurritzen zion bitartean. Horrelako gertakariaren aurrean udaltzaingoak Moussari autoritatearen aurkako atentatua leporatzea izugarria da.
Kasua epaitegira eraman beharrean, udaltzaingoak atxiloketan parte hartu zuten agenteen jokabidea aztertu beharko lukeela salatu zenuen udaletxeko agerraldian.
Kasua oso larria da, zigor administratibo bat ezarri ordez, Moussaren aurka neurri penalak erabiltzen ari direlako. Kalean artisau lanak baimenik gabe saltzeagatik ezin zaituzte atxilotu, eta horregatik salatzen dugu egun hartako atxiloketa ilegala izan zela.
Udaltzaingoak, ordea, ez du gertatutakoa ikertu nahi izan, eta autoritatearen aurkako eraso bat egon zela asmatu du atxiloketa justifikatu ahal izateko. Salaketa gezur batean oinarritzen da, eta bere eraginak oso latzak izan daitezke Moussarentzat eta bere familiarentzat.
Zergatik?
Hasteko, gertatutakoa dela-eta Moussak ezin izan du naziotasuna lortu. Paperak urrian eman behar zizkioten, baina horiek jasotzera joan zenean, ez zizkioten eman, auzi bat irekia duela argudiatuz. Ukatu egin zizkioten, alegia.
Moussak Senegalen ditu bere senideak, eta berak bidaltzen diena da beraien diru iturri nagusia. Familia hona ekartzeko aukerak izugarri zaildu zaizkio orain, eta gainera estatutik kanporatua ere izan daiteke.
Udaltzainak jabetu behar dira euren jokabideen eraginaz. Edozein herritarrentzako, 500 euroko isun bat jasotzea kaltegarria izango da, noski, baina etorkinena bezalako egoera batean, horrelako zigor batek bizitza izorratu diezazuke. Legea hor dago, ados, baina pertsona hauekin zerbait gehiago behar da. Eta atentatua leporatzearen ondorio izugarria kontuan izan gabe, arinkeria handiz jokatzea onartezina da.
Gainera, argi dago poliziak nahi duen kontuekin ez ikusiarena egiten badakiela…
Epaiketa datorren astean izango da, martxoaren 26an. Zer espero duzue?
Epaileak udaltzainen bertsioa jaso du jada, eta guk gure hitzekin azalduko diogu egun hartan gertatutakoa.
Epaiketako sumarioan irregulartasunak zeudela salatu zenuen.
Harrigarriak diren hainbat konturekin egin dugu topo. Batetik, gure kasua bi sumario desberdinetan banatu dute, gertakari beraren inguruan auzipetu gaituzten arren. Alegia, Moussa eta ni ez gara sumario berean epaituak izango. Hori nahiko arraroa da, eta ez dugu bere zergatia ulertzen.
Bestetik, ikusi dugu sumarioan agertzen diren polizien identifikazio zenbakiak ez direla udaltzainen plaketan agertu ohi direnak. Ulertu dezakegu agenteen izen-abizenak erabili ordez, sumarioan euren identifikazio zenbakiak erabiltzea. Baina zergatik ez dituzte benetakoak jarri? Horrelakoa egin izan dira agenteen bizitza arrisku larrian egon daitekeenean, baina zein justifikazio du kasu honetan?
Egoera salatu nahi izan duzu, poliziak etorkinekiko duen jarrera bortitza azaleratzeko. Arrazakeria instituzionalaren adibide bat dela uste duzu?
Nik ez nuke udalaren politika arrazakerian oinarrituta dagoenik, baina argi dago migrazioaren aurrean udal gobernuaren jarrera ez dela egokiena, Ongi Etorri Errefuxiatuak edota Txantxaerrekakoek behin eta berriz salatu duten moduan.
Udalak kale saltzaile hauen gainean izugarrizko presioa eragiten du Donostiako ‘zonalde noblean’ egon ez daitezen. Intentsitate baxuko arrazakeria dela esango nuke, horrelakorik onartuko ez duten arren.
Moussak berak dio Donostiako kaleetan dagoen saltzaile kopuruak ez duela zerikusirik Bilbon, Iruñean edo Gasteizen dagoenarekin. Eta hori ez da gertatzen gure hiria salmentarako plaza txarra delako, udalak kanpoko saltzaile hauekin duen jarrera oso zorrotza delako baizik.
Inor Loiolako jaietara joaten bada, afrikar ugari topatuko ditu kalean, betaurrekoak edo eskumuturrekoak saltzen. Baina Donostiako erdialdera ala Parte Zaharrera hurbildu ahala, zonalde turistikora hurbildu ahala, desagertu egiten dira. Badirudi udalak erdigunea ‘zuri’ eta aberatsentzat soilik mantentzeko asmo osoa duela.