Udako jaietarako kartelak aurkezteko epea zabalik da

Apirilaren 30era arte (13:30ean) zabalik egongo da udako festetako kartelak aurkezteko lehiaketan parte hartzeko epea. Edozein pertsonak eta enpresak parte hartu dezake, eta nahi adina zirriborro aurkezteko aukera egongo da, baldin eta inon argitaratu gabeak eta originalak diren.
Kartelak Donostiako udarako hiru festa iragartzeko izango dira. Alde batetik, Aste Nagusiko kartela egongo da, eta abuztuaren 10etik 17ra izango da. Bestetik, Euskal Jaiak iragartzeko kartela egongo da, abuztuaren 29tik irailaren 8ra izango dena. Azkenik, Donostiako Estropadetako kartela aurkezteko aukera egongo da, eta estropaden egunak abuztuaren 29an, irailaren 1ean eta irailaren 8an egingo dituzte.
Zirriborroak A3 formatuko euskarri zurrun bertikalean nahiz horizontalean aurkeztu ahal izango dira, baita euskarri informatikoan ere (JPG formatuan, 72 pixel/hazbeteko bereizmenean eta 62 x 88 zentimetroko neurrian). Edukiari dagokionez, erabilitako irudiek oreka bilatuko dute generoen arteko ordezkaritzan, rol eta estereotipo tradizionalak saihestuko dituzte eta sexu, arraza, adin, kultura eta sexu aukerengatiko desberdintasunen aurrean tratamendu gutxiesgarriak ekidingo dituzte. Era berean, kartelaren diseinuan lehentasuna eman behar zaio euskarari, eta irudia eta mezua euskaraz eta gaztelaniaz erabiltzeko modukoak izan behar dira. Donostia Kulturaren webgunean aurki daitezke lehiaketaren oinarriak.
Maiatza eta abuztua bitartean artean jakinaraziko dituzte irabazleen izenak, eta modalitate bakoitzeko irabazleak 1.000 euroko saria jasoko du.