"Artikutza guretzako oso berezia da, eta gauza asko mugatuta egoteagatik oso ondo kontserbatuta dago"
Ehun urte bete dira aurten Donostiako Udalak Artikutzako lursaila erosi zuenetik. Aurten gainera, 2017an hasitako urtegiaren hustuketa bukatu dute, eta Enobieta ibaia bere ibilbide naturala errekuperatzen ari da. Hustuketa hori izan da presa eraiki zutenetik Artikutzak jasan duen aldaketa nagusia, Euskal Herrian ekologikoki hobekien kontserbatuta dagoen lekuetako bat baita. Ondo dakite hori Artikutza auzoan eta inguruko baserrietan bizi izan diren pertsonek.
Gaur egun ia despopulatuta badago ere, garai batean 100 pertsona inguru bizi ziren auzoa eta baserriak aintzat hartuz. Gogorra zen garai hartan Artikutzako bizitza, Donostiaren parte bazen ere, ez zirelako hiriko baliabide guztiak iristen. Hala ere, puntu magiko hori zuen Artikutzak, oraindik ere baduena, eta jendeak han bizitzen jarraitu zuen. Artikutzan jaiotako bi pertsonarekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAk, Antton Gamio eta Agustin Fagoagarekin, hain zuzen. Gamio han bizi da gaur egun, eta Fagoaga han bizi ez bada ere, basozaina da, beraz, egunero joaten da Artikutzara, lan egitera. Hainbat gauzataz hitz egin dute Gamiok eta Fagoagak: Artikutzako bizitza nolakoa zen eta nolakoa den kontatu dute, hainbat bitxikeria gogoratu dituzte, eta naturarekin duten harremana azaldu dute.
Urtegiaren hustuketa prozesuaren nondik norakoak ezagutzeko, eta horrek Artikutzako ingurumenean izango dituen inpaktuak ezagutzeko, Arturo Elosegi EHUko ekologia katedradunarekin ere hitz egin du IRUTXULOKO HITZAk. Izan ere, bera da hustuketa prozesua eta horren inpaktuak ikertzen ari den taldeko burua. Erreportaje osoa ostiraleko astekarian egongo da irakurgai.