Iztuetako zubibidea botatzeko proiektua aurkeztu du Ernesto Gascok
Iztuetako zubibidiea bota, eta zonaldea gehiago peatonalizatzeko proiektua aurkeztu zuen atzo PSE-EEko Donostiako alkategai Ernesto Gascok. Zubibidea eraitsi nahi du Gascok, eta trenbidearen azpitik trafikoa pasatzeko errepide bat egin. Haren arabera, zonaldea gehiago peatonalizatuko litzateke horrela, eta “espazio publiko berri bat” sortuko litzateke Zuhaizti ikastetxearen aurrean.
Gascoren aburuz, hiriaren parte bat “zatitzen” du zubibide horrek, eta, proiektu horrekin, Egia, Gros eta Erdialdea hobeto konektatuta egongo dira. Gainera, “emakumeen segurtasunerako puntu beltz bat” kenduko lukete zubibidearen eraisketarekin. Donostiako Udaleko Proiektu eta Obren sailak garatu du proiektua, eta bizilaguei kontsulta bat egin zitzaien horren inguruan. Bestalde, sei milioi euroko aurrekontua du proiektuak, 18 hilabeteko exekuzio epea, eta, PSE-EEren arabera, 2019ko bukaeran hasi daitezke lanak.
Proiektuaren aurkezpenean, helburua “hiri gehiago egitea” dela adierazi zuen Gascok, eta Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiari zuzendu zitzaion, adieraziz helburua ez dela “Euskadi Espainiaren aurrean” jartzea, eta kontua ez dela “nazionalismoa, enfrentamenduak eta lazoak”, baizik eta “hiria egitea, transbertsalitatea, batzea eta bizikidetasuna”. Bestalde, larunbatean ETAko biktima batzuei egin zieten omenaldian “talde politiko bat” faltatu izana deitoratu du Gascok, izan ere, horrelakoetan denek egon behar dutela deritzo, bestela “ez du zentzurik”.