Mirakruz 19 eraikinak itxura berria du
Groseko Mirakruz 19 eraikina eraberritzeko lanak asko aurreratu dituzte, Mirakruz eta Gloria kaleen arteko kantoiari itxura berri bat emanez. Leku berean kokaturik zegoen eraikinaren eraisketak auzotarren eta ondarearen babeserako elkarteen protestak eragin zituen, balio historiko handiko eraikina zelako.
Mirakruz 19 zaharra 1888an eraiki zuten, Adolfo Morales de los Rios arkitektoaren diseinua jarraituz, Donostiako Udaletxearen planoak egin zituen pertsona berarena, alegia. Eraikinaren diseinu berezia zela eta, SOS Mirakruz 19 plataformak hura babesturiko eraikinen zerrendara gehitzeko ahaleginak egin zituen, eraisketa saihesteko helburuarekin. Hala ere, saiakerak saiakera, herritarren protestek ez zuten eraikina salbatzea lortu, eta 2017 urtarrilean bere eraisketa abiatu zuten.