Topoaren igarobidearen lanek eragindako pitzadura gehiago salatu dituzte
Zarautz Etorbideko 64. zenbakiko etxebizitza batean pitzadurak zabaldu direla salatu du bizilagun batek. Topoaren igarobidea egiteko Zarautz etorbidean tunel bat zulatzeko egin diren lanen ondorioz eragindako kalteak dira, Satorralaia bizilagunen mugimenduak jakinarazi duenez.
Halaber, Bentaberriko kiroldegiaren aurrean dauden Zarautz etorbideko etxeetako bizilagunek salatu dute enpresa eraikitzailea urratzen ari dela Eusko Jaurlaritzak abendua bukaeran harturiko erabakia. Hau da, eraikuntza lanak 22:00etatik 8:00etara bitartean gelditzea.
Lanaldiaren ordutegia mugatzeko erabaki hura auzoko 95 bizilagunek izenpeturiko salaketa baten ondotik hartu zuen Jaurlaritzak, bizilagun askok bi hilabete lo ezinean igaro ondoren. Satorralaiak dio Jaurlaritzaren erabakia urratu duela enpresak. Izan ere, martxoaren hasieratik lanetako “makina errozadora” 7:00etatik 23:00ak arte lanean aritzen dela salatu dute.