Concha Chaos liburuzaina omenduko dute
Udalak Txominenean kale bat bere izenean jarri ondoren, liburutegien munduak omenaldia egingo dio Concha Chaos (Avila, 1937-Donostia, 2014) Donostiako liburuzain aitzindariari. Apirilaren 2an, Haur Liburuaren Nazioarteko Egunean, omenduko dute Chaos, Haur Liburutegian 18:30ean egingo duten ekitaldian. Virginia Imaz ipuin kontalariak zuzenduko du ipuinak eta magia izango dituen omenaldi saioa, eta Chaosen Maite ilobak bere oroitzapenak kontatuko ditu. 10 urtetik gorako umeei eta eurekin joango diren helduei dago zuzenduta saioa.
46 urteko ibilbidea egin zuen Chaosek, eta haur liburutegien aitzindaria izan zen. 1970eko hamarkadan Donostiako Udal Liburutegian haurrentzako sail berezi bat sortu zuen, eta hiriko haur asko pasa ziren handik. 1994. urtean sail hura handitzeko beharra ikusi zuten, eta Fermin Calbeton kaleko gaur egungo Haur Liburutegia inauguratu zuen Chaosek. Horretaz gain, 1990eko hamarkadan, Gipuzkoako liburuzainen eta dokumentalisten elkartearen sortzaileetako bat izan zen. Egindako lan guztiarengatik, erretiratu zenean, Hiritar Merezimenduaren Domina eman zion Donostiako Udalak.
Bestalde, liburuzale handia izan zen Chaos, eta bere bizitzan zehar egindako liburu bilduma guztia Haur Liburuaren Dokumentazio guneari eman dio bere iloba Altamirak. Izan ere, hori izan zen hil aurretik Chaosek egindako azken eskaera.