Solasaldiak egingo dituzte Amara Berrin, Gobernu Zibilaren eraikina Kultur Etxe bihurtzearen alde
Gobernu Zibila Kultur Etxe plataformak antolatuta, solasaldiak eta festa egingo dituzte apirilaren 2, 4 eta 6an EASO Politeknikoan. Plataformak azaldu duenez, “alderdi politiko guztiak” eta “alkatea” Gobernu Zibil zaharraren eraikina kultur etxe bihurtzeko eskariarekin ados badaude ere, “hauteskundeen ondoren etorriko denaren zain”, pausu bat aurrera eman nahi izan dute solasaldiak antolatuz.
Apirilaren 2an honako solasaldiak egingo dituzte 18:30etik aurrera: Amara Berri argazkien bidez Juantxo Egañarekin, Kultur ekipamenduak, ikusgarritasuna Victor Aspe eta Alvaro E. Olaiz arkitektoekin, eta Umeen esku-hartzea hiriaren diseinuan Anabel Varona eta Carlos Arrutirekin.
Apirilaren 4an, Pablo Suberbiolaren Euskara eta eskola, ingurunearen eragina, Maddi Juanikorenaren Auzoa eta auzotar berriak, Amara Berriko irakasleen Arte eszenikoak eta Maialen Belokiren Zinea auzoan izango dira 18:30etik aurrera egingo dituzten solasaldiak.
Apirilaren 6an bukatuko dituzte jarduerak, Usandizaga institutu aurreko Aitzol parkean 18:00etan egingo duten festarekin. Musika, kantuak, dantza, haurrentzako jolasak, arte eta argazki erakusketa, doako liburuak eta Kando taldea egongo dira festan.