Sorkuntzaren musika mihisean
Zigor Etxebeste, zinema kritikaria.
‘MARGOLARIA’
Zuzendaria: Oier Aranzabal
Urtea: 2018
Herrialdea: Euskal Herria
Bizitza aurkako indarretan oinarritzen dela diote askok: maitasuna dagoen bezala, gorrotoa hor da ere, alaitasunaren iruntzia tristura litzateke, bakeak gerra du kontrako, zuriak beltza orekatzen du, eta soinuak isiltasuna behar du. Margolaria filmeko une askotan horrelako kontraesanak agertzen dira, eta adibide gisa Kirmen Uriberen hitzak sortzailearen iturburua nondik datorren hausnartzen ari denean: «Entzule izatea oso inportantea da idazle batentzat. (…) Idazle baten beharrik handiena da ez idaztea». Filmaren protagonista denak, Mikel Urdangarinek, idazlearen ildoari jarraituz, gogoeta dotore batekin lotzen du: «Behatzaile eta entzule izateko jarrera antzekoa eskatzen da, baina entzuteak beste jarrera bat eskatzen du, aktiboagoa».
Margolaria pentsamenduzko pintzelkadaz osatuta dago, etengabe, eta Urdangarin abeslariari buruzko dokumentala izan zitekeena, beste zerbaitetan eraldatzen da. Ikusiko ditugu Mikelen kontzertuak, musikariekin entseguak eta grabaketak. Mikeli buruzko oroitzapenak (aita, ama eta arreba agertzen dira), telebistako aspaldiko agerraldiak, eta baita abeslariarekin lotura duten lagun eta ezagunak. Baina, Oier Aranzabalek, maitasunez, nahi duen lekura eramaten du zuzendu duen lehen filma (!), batez ere «sorkuntzaren eta artearen barne munduaren sakonenera sartu eta musikariak proiektatzen dituen itzalak eta berauen forma eta testurak ezagutzera». Metaforikoki esanez, Mikel Urdangarin aingura da filmean, baina itsasontziak nahi duen bakoitzean hura jaso eta korronte desberdinek eroaten dute bazter desberdinetatik.
Horrela, nomada baten antzera, abeslaria mundutik mugitzen ikusten dugu, lehenik Londreserako bidaia batean, adiskide duen Alain Urrutia margolariak oparitzen dion margolan bat jasotzeko aitzakiaz. Bidaia hasten da (monomitoa), baina nahiz eta kronologikoki berreraiki dezakegun, etenaldi asko ditugu abeslariaren bizitzaren beste une asko erakutsiz. Kontzertu bat, non publikoaren erantzun gogotsua eta musikarien jotzea ikusten dugun, baina baita ere saioaren ostean abeslariak sentitzen duen bakardade eta isiltasuna. Edo musikariekin estudioan egiten dituen entseguak eta grabazioak, Urdangarinen musikari buruzko bakoitzaren ekarpenak gehituz horrela. Hemen aipatu dezakegu, esaterako, Nika Bitchiashvili biolin-jotzailearen agerraldia: film labur bat film luzearen barruan (Margolariarekin alderatu dezakegun beste irudi bat matrioshka litzateke, geruza anitzeko lana baita). Edo Okinawan igarotzen duen egonaldia, japoniar musikariekin musika-elkarrizketa bitxiak sortuz. Aipagarria da zati hau nola lotzen den muntaian, Urdangarinek Kirmen Uriberekin duen solasaldian (azken honek kontrakoen ildoa jarraituz), japoniarrek duten ohitura bat aipatzen baitu. Konpontzen dituzten gauzetan akatsak mantentzen dituztela dio, inperfekzioan eta apurtuta dagoen horretan perfekzioa bilatuz. Uribek dioenez, zauriak (arrakalak-akatsak) izateak, humanizatu egiten gaituzte (sic). Orduan, japoniar gitarra-jotzaile tradizional baten notak entzuten hasiko gara eta jarraian, Okinawan egongo gara.
Lehen aipatu bezala, Mikel Urdangarin da Margolariaren protagonista, baina pertsonaia asko azaltzen dira harekin gai desberdinen inguruan hitz egiten. Nola agertzen eta desagertzen diren nahiko bitxia da ere (amarena da harrigarriena, ezustean azaltzen baita Japonen), eta filmaren sortzaileek adierazi duten bezala, «ez da argi utziko ikusitako elkarrizketa Mikelen buruan bakarrik gertatu ote den, amets, imajinazio edo oroitzapen lauso bat izan ote den». Esan bezala, Margolaria film konplexua da, eta aberatsa.
Zuri beltzeko film samur hau kolore eta nota anitzeko lan bat ere bada, eta, artelan onekin gertatzen den moduan, isiltasunean aktiboki begiratu eta entzun behar dugu dituen ñabardura guztiak hautemateko. Hurbildu zaitezte, Margolariak merezi du eta.