Ulian egin nahi duten hotelean irregulartasunak salatu dituzte
Ulia-Ategorrieta eremuan «200 ohe baino gehiagoko makro-hotel bat» eraiki nahi dutela salatu dute Uliako Auzo Elkarteak, Bizilagunekin plataformak, eta Duintasuna elkarteak. Prozesuak irregulartasunak dituela azpimarratu dute. «Udalak eta botere publikoek ekimen pribatuaren interesari erantzuten diote, herritarren interesen kaltetan».
2009an birkalifikatu zuen udalak hotela eraiki nahi den lur eremua, San Ignazio S.A. enpresak hirugarren sektoreko erabilera emateko. Zehazki, adinekoentzako egoitza bat eraikitzeko. Dena dela, 2018ko martxoan plan berezi bat onartu zuen udalak: AU.05 Ategorrieta-Ulia. Plan horren arabera, lur-sailean hotel bat eraikitzea aurreikusten da. «Egungo Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak hotel bat eraikitzea aurreikusten du, eta ez adinekoentzako egoitza bat», kritikatu dute hiru elkarteek.
Ulia-Ategorrietako berdegune batean eraiki nahi da hotela, eta inguruan horrelako eremurik ez dagoela ohartarazi dute. «Hotela eraikitzeak auzoko biztanleen bizi-kalitatea kaltetzen du, eta, auzotarrek askotan erakutsi diote udalari espazio berde hori mantendu eta auzokideek erabili eta gozatu ahal izateko bere interesa». Horiek horrela, bi gauza eskatu dizkiote udalari: batetik, plan berezia bertan behera uztea, eta bestetik, hirigintza-plangintzaren ekimena brreskuratu eta plan berezi bat garatzea.