Yannick Bellon omentzeko atzera begirako zikloa antolatu du Euskadiko Filmategiak

Euskadiko Filmategiak Yannick Bellon (Biarritz, 1924) zinemagileari buruzko atzera begirako ziklo bat egingo du aurtengo urritik abendura bitartean. Gainera, zuzendariari buruzko liburu bat ere argitaratuko du erakundeak. Liburuak “hutsune historiografiko nabarmen bat” beteko duela adierazi du Filmategiak, izan ere, Frantzian bertan ere ez dago Belloni buruzko monografia bakar bat ere. Biarritzekoa da XX. mendean Euskal Herrian jaiotako zinemagileen artean ibilbiderik garrantzitsuena egin duena, eta Euskadiko Filmategiaren zikloak aukera emango du Euskal Herrian lehen aldiz haren lan guztiak ikusteko.
Euskadiko Filmategiak programazio egonkor bat martxan jarri zuen 2015ean, eta ordutik, urtero euskal zinemagile bati buruzko argitalpen monografiko bat kaleratu eta atzera begirako ziklo bat eskaini du. Azken urteetan Victor Erice, Juanma Bajo Ulloa, Daniel Calparsoro eta Helena Taberna izan dira protagonistak. Honakoak izango dira atzera begirako zikloko film luzeak: Quelque part quelq’un (1972), La femme de Jean (1974), Jamais plus toujours (1976), L’amour viole (1978), L’amour nu (1981), La triche (1984), Les enfants du desordre (1989), L’affut (1992), eta D’ou vient cet air lointain? (2018).
Yannick Bellonek artista-familia batean dauka jatorria. Ama, Denise Bellon, joan den mendeko argazkilari esanguratsuenetako bat izan zen. Mugimendu surrealistan murgilduta ibili zen, eta Alliance-Photo agentziaren sortzaileetako bat izan zen. Bellonen ahizpa Loleh Bellon, aldiz, ospe handiko aktore eta antzerkigilea izan zen. Biek eman zuten haurtzaroa eta nerabezaroaren zati bat Euskal Herrian.
D’où vient cet air lointain? (2018) da Bellonen azken filma, eta, Filmategiaren datuen arabera, frantziar zinemako ibilbiderik luzeena izan duen zinemagilea da. 1948an, duela 70 urte, Veneziako Zinemaldia irabazi zuen, Goemons bere lehenengo film dokumental laburrari esker. Bellonek muntaketa eta zuzendaritza lanak egin ditu zineman eta telebistan, eta film labur zein luzeak sortu ditu. 1974an Zilarrezko Maskorra irabazi zuen Donostiako Zinemaldian, La femme de Jean filmari esker.