68 film eta 5 erakusketa izango ditu 17. Giza Eskubideen Zinemaldiak
Donostiako 17. Giza Eskubideen Zinemaldiaren egitarau osoa aurkeztu dute gaur goizean, eta apirilaren 5etik 12ra izango da. 32 nazionalitate desberdinetako 34 film luze eta beste horrenbeste film labur proiektatuko dituzte, eta 5 erakusketa egongo dira ikusgai.
Antolakuntzak azaldu duenez, “giza eskubideen defentsaren eta urraketaren hainbat alderdiren inguruko gogoeta, sentsibilizazioa eta eztabaida bultzatzea” da jaialdiaren helburua. Viktoria Eugenia Antzokia izango da agertoki nagusia, eta Tabakaleran eta Kultur Etxeetan ere proiektatuko dituzte filmak. Filmen proiekzioen ondoren, hainbat solasaldi antolatu dituzte. Egitarau osoa Giza Eskubideen Zinemaldiaren webgunean kontsultatu daiteke.
Bestalde, Annemarie Jacir zinemagile palestinarrari emango diote Giza Eskubideen Zinemaldiaren saria. Horretaz gain, beste sari batzuk ere emango dituzte: Ikusleen Saria Film Luze Onenari, Gazte Epaimahaiaren Saria Film Labur Onenari eta Amnesty International Saria, hain zuzen.