Gazteek kirol arloan euskaraz gehiago egiteko gakoak identifikatu dituzte
Gazteek kirol arloan euskaraz gehiago egiteko gakoak identifikatu dituzte D ereduko kirola proiektuan. Atzo aurkeztu zituzten hiru urtez egindako ikerketa esperimentalaren emaitzak Realaren Zubietako instalazioetan, Ibon Gaztañazpi aurkezleak gidatutako agerraldian.
Hiru urtez ikerketa esperimentala egin dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako bost kirol-klubetan. 10 eta 16 urte arteko kirolari gazteen eta haien entrenatzaileen hizkuntza-portaerak eta bizipenak hurbiletik ezagutzeko aukera eman du proiektuak. Soziolinguistika Klusterrak egin du proiektua, EHUko ikerlariekin, Urtxintxarekin eta Euskaltzaleen Topagunearekin lankidetzan. Gipuzkoako Foru Aldundiak zein Eusko Jaurlaritzak proiektua babestu dute eta zuzeneko partaidetza izan dute.
D ereduko kirola ikerketa-proiektuaren emaitzak aurkezteko agerraldian izan ziren proiektuan parte hartu duten eragileen ordezkariak, eta bakoitzak bere ekarpena egin zuen: Jokin Aperribay Realeko presidentea, Jon Zarate UPV/EHUko Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordea, Maddi Etxebarria Soziolinguistika Klusterreko lehendakaria eta Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusia. Halaber, Irati Anda eskalatzaileak eta Gurutz Aginagalde eskubaloi jokalari ohia eta gaur egun Bidasoa eskubaloi taldeko lehendakariak, solasaldi bat izan zuten beren bizipenetan euskarak eta kirol munduak izan duten loturatik abiatuta. Jarraian, Jone Miren Hernandez eta Jaime Altuna antropologia ikerlariek (EHU) eta Pablo Suberbiola Soziolinguistika Klusterreko kideak, D ereduko Kirola proiektuak bi urteko ibilbidean emandako ikasgaiak azaldu zituzten xehetasunez.
Saioaren amaieran, ikerketa-ekintza proiektuan parte hartu duten klubek beren esperientziaren berri eman zuten. D ereduko kirola proiektuan parte hartzea nola gauzatu duten azaldu zuten eta beren errealitatean euskararen erabilera sustatzeaz duten ikuspegia jakinarazi zuten.
Proiektuaren emaitzak 20 orrialdeko liburuxka batean laburtu dituzte, eta formatu digitalean eskuragarri dago www.soziolinguistika.eus/deredukokirola webgunean.
Ondorio nagusiak
Proiektuaren ondorioetako bat da kirola berariazko esparru gisa lantzearen beharra. Kirol arloan osatu eta aberastu egin liteke gazteek eskolan euskararen ezagutza eta erabilerarako jasotzen duten oinarria, baina, horretarako, nabarmendu zuten garrantzitsua dela eskolako eredua bere horretan ez errepikatzea, baizik eta egokitzea. “Proiektuan identifikatu diren gakoen bidetik, aukerak ikusten dira kirol arloan jarraipena emateko eskolak egiten duen lanari, baina garrantzitsua da birpentsatzea lan hori nola egin behar den, eskolako eredua bere horretan errepikatu gabe”, azaldu zuten. Alde horretatik, aukerak daude kirola “hirugarren esparru” indartzeko, modu horretan eskolako hizkuntza-ohituren eta kalekoen arteko lotura eginaz. Horrek, aukera emango luke gaztetxo askok eskolan egin duten ahaleginari jarraipena emateko, eta hizkuntza-berdintasunaren ikuspegitik euskarazko erabilerarako duten eskubidea modu praktikoan handitzeko.
Beste gako bat gazteen ohituretan helduek duten ardura da. Entrenatzaile eta kirolari gazteek euskara gehiago erabili ahal izateko baldintza egokiak sortzea helduen egitekoa da nagusiki. Klubetako arduradunek aukera dute kirol-taldea euskarazko erabilerarako gune babestu izan dadin irizpideak markatzeko eta giroa sortzeko. Ikerketaren arabera, jokalari gaztetxoentzat euren entrenatzaileak erreferente oso garrantzitsuak dira, eta euskara gehiago erabili ahal izateko orduan ere erabateko garrantzia dute. Proiektuan aztertutako klubetan, ikusi dute entrenatzaileen euskarazko jardunak lagundu egiten diela jokalari gazteei euskaraz gehiago egiten. Euren euskarazko jardunean maiz entrenatzaileek eskolan erabiltzen ez den malgutasuna erabiltzen dute une jakinetan, gaztetxoekiko hurbiltasun eta konfiantza handiagoa lortuz.
Azkenik, ikusi dute kirol-taldea garrantzia bereziko eremua da jokalari gaztetxoen bizitzan. Taldeko bizipen kolektibo horretan aukera egokiak daude euskararen erabileraren aldetik helburu eta erronka berriak elkarrekin landu eta lortzeko.