Le Bukowski taberna itxita egongo da udara hasiera arte
Egia kaleko 18. zenbakian aldamioak jartzen hasi dira: eraikinaren egitura indartzeko lanak egingo dituzte hurrengo hilabeetan. Lanak direla eta, Bukowski taberna itxita egongo da udara hasiera arte, eta lehen solairuetako bizilagunei ere eragingo die obrak, etxebizitza utzi beharko dute lanak egin bitartean.
2.000. urte inguruan eraikuntza enpresa batek erosi zuen eraikina, eta berritu egin zuen. Urte gutxira, ordea, etxebizitzetan zirrikituak irekitzen hasi ziren, eta orduan konturatu ziren berritze lanak ez zirela behar bezala egin. Arkitektoa eta eraikuntza enpresa salatu zituzten bizilagunek, baina oraindik ez dute kalte ordainik jasotzea lortu. Orain, bizilagun bakoitzak 20.000 euro inguru ordaindu beharko ditu lanak ordaintzeko.