Topoaren obrengatik jasaten ari diren "tortura" salatu dute Amarako bizilagunek
Etengabeko zarata eta atseden falta direla eta, nekea, zefaleak, antsietatea, estresa eta bertigoa jasaten ari direla zehaztu dute bizilagunek.
Amarako bizilagunek topoaren igarobidearen obrengatik pairatzen ari diren “zarata eta bibrazio jasanezinak” salatu dituzte udaletxe kanpoan. Adierazi dutenaren arabera, gauez ere egiten dituzten eraikuntza lanek eragin zuzena izan dute auzotarren osasunean, eta lo egin ahal izateko, hainbatek euren etxeetatik alde egin behar izan dutela nabarmendu dute.
Etengabeko zarata eta atseden falta direla eta, nekea, zefaleak, antsietatea, estresa eta bertigoa jasaten ari direla zehaztu dute bizilagunek. Otsailaren 24tik daramate egoera horretan, Mirakontxa-Easo zatiaren eraikuntza lanak hasi zirenetik, alegia, eta neurriak hartzeko erabakia hartu dute.
Astelehenean, Eusko Jaurlaritzari, Euskal Trenbide Sareari (ETS) eta Arartekoari auzoko 180 bizilagunek sinaturiko salaketa aurkeztu zieten, herritarren bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubidea urratua izaten ari dela azalduz. Udaletxe kanpoan eginiko agerraldian, berriz, “egun kontsekutiboetan lo egiten ez uztea eta 24 orduz izugarrizko zarata jasan behar izatea tortura eta tratu txarrak direla” azpimarratu dute.
Etxebizitzen barruan gauez 35 eta 60 dezibelio bitarteko neurketak egin dituztela jakinarazi dute bizilagunek (legeak 27 dezibeliotan ezartzen du muga), eta hori gutxi balitz, martxoaren 13tik Udaltzaingoa zarata neurtzeko tresnarik gabe dagoela salatu dute. Azaldu dutenaren arabera, poliziak dituen bi neurgailuetako bat galdu egin da, eta bestea matxuratuta dago.
Gainera, ETS-k eta eraikuntza enpresek eginiko soinu-neurketak “haiek nahi zutenean eta nahi zuten lekuan” egin dituztela nabarmendu dute Amarako auzotarrek, eta proba horiek inolako bermerik betetzen ez dutela adierazi dute.
Bestalde, zaratagatik gaueko obrak geldiarazteko agindua eman zen zenbait puntutan lanean berdin jarraitu dela salatu dute bizilagunek, udal-araudia eta topoaren igarobidearen proiektuaren plana bera errespetatzen ez direla azpimarratuz.
Hori guztia dela eta, udaletxean bilduriko auzotarrek hurrengo eskariak egin dizkiete instituzioei:
- Obretako makinek gauez egiten dituzten lanak eten ditzatela, 22:00etatik 08:00etara, ordenantza munizipalean jasota dagoen modura.
- Instituzioek araudia bete dezatela, hiritarrek derrigorrez bete behar duten maila berdinean.
- Obrak ejekutatzen jarraituz gero, kalteak jasaten ari diren bizilagunen etxe aldaketa bermatua izan dadila.
Halaber, apirilaren 2an, 20:00etan, AmaraBai elkartean bizilagun kaltetuen batzarra egingo dutela iragarri dute.