X. Euskal Metal Fest jaialdia egingo dute apirilaren 5ean eta 6an
Larratxo Kultur Etxean egingo dute X. Euskal Metal Fest jaialdia, apirilaren 5ean eta 6an. Donostia Kulturak jakinarazi duenez, Soziedad Alkoholika talde gasteiztarra izango da ostiraleko kartelburua, eta Errioxako Zenobia larunbatekoa.
Horiez gain, Elbereth, Demonik, In Vain eta Dawn of Extinction taldeek joko dute ostiralean, eta Ankhara, Taken eta Wild Freedom bandek larunbatean. Duela hilabete batzuk, Mad Max taldeak joko zuela esan zuen antolakuntzak, baina, azaldu dutenez, “taldearen eta antolakuntzaren eremutik kanpo” dauden arrazoiak direla eta, talde alemaniarra ez da jaialdian egongo. Hori dela eta norbaitek sarrerak itzuli nahi baditu, Casares Kultur Etxearekin harremanetan jarri daiteke, apirilaren 4a arte.
Apirilaren 5eko kontzertuak 19:30ean hasiko dira, eta 6koak 18:30ean. Sarrerei dagokienez, gutxi gelditzen badira ere, Donostia Kulturaren webgunearen bitartez eskuratu daitezke.