Amalur Alvarez donostiarra eta Josu Etxaburu izango dira Gure Esku Dagoren bozeramaileak
Gure Esku Dagoren bozeramaileak izango dira Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu. Duela aste batzuk utzi zuten ardura hori Angel Oiarbidek eta Zelai Nikolasek. Igandean GEDek etapa berri bat abiatuko du Bilboko Euskalduna Jauregian, eta han hitz egingo dute estreinako aldiz bozeramaile berriek.
Zientzia juridiko eta politikoen arloko ikerlaria da Amalur Alvarez (Donostia, Gipuzkoa, 1988) eta irakaslea Josu Etxaburu (Ondarroa, Bizkaia, 1961). Biak ala biak GEDeko kideak, dinamikaren hastapenetatik. Konpromisoaren haritik tiraka, zuzendaritzara iritsi dira eta bozeramailetzaren lekukoa hartuko dute igandean, sei urteren ondoren, Oiarbideren eta Nikolasen eskuetatik.
Igandeko ekitaldia orain arte egindako ibilbideari balioa emateko izango da, eta etorkizuneko erronkak mahai-gainean jartzeko. Herri mugimenduaren bazkideez, kidegoaz eta jarraitzaileez gain, hainbat eragile sozial, sindikal eta politikoetako ordezkariak ere izango dira.