Artikutza, urtegien hustuketen inguruan ikasteko kasu bat
1992tik ez zen Artikutzako urtegia erabiltzen, eta 2017an kalteak antzeman zizkioten presari. Botatzea pentsatu zuen udalak hasieran, baina urtegia erabat hustea izan zen azken erabakia. Arturo Elosegi EHUko ekologia katedraduna ari da inpaktua ikertzen.
Donostiako Udalak Artikutzako urtegia husteko erabakia hartu zuela jakin zuenean, hura ikertzeko proiektu bat babesteko eskatu zion BBVA Fundazioari Arturo Elosegik. Proiektua eman zion fundazioak, eta unibertsitateko lau irakasle ari dira hustuketa prozesua ikertzen, Elosegi taldeko burua delarik.
Izan ere, berezia da Artikutzaren kasua, Elosegiren arabera, “bertan behera utziko den presa handienetakoa” baita. Beraz, bere taldeak “helburu zientifikoak” baditu ere, ikasteko balioko duela deritzo katedradunak, eta beste leku batzuk hobeto kontserbatzen ikasteko. Azaldu duenez, asko dira presak erabiltzeari uzteko arrazoiak, eta Gipuzkoako adibidea jarri du: “Gipuzkoan, esaterako, ia 1.000 presa eta errota txiki daude, aspaldi erabiltzen ez direnak, baina kalteak eragiten jarraitzen dutenak”.
Guztiz hutsa dago urtegia jada, eta Enobieta ibaia bere bidea errekuperatzen ari da. Elosegiren arabera, ondo joan da prozesua: “Orain arte husteak ez du ia inpakturik izan. Izan zitzakeen arrisku guztien artetik, ez da bat ere gertatu”. Ura lokatzez betetzea zen arrisku horietako bat, eta horrek ura eta amuarrainen bizitza kaltetu zezakeen, baina ez da halakorik gertatu.
Etorkizuneko Artikutza
Urtegia hustea erabaki zuen udalak, presa botatzea ez zelako bideragarria: Natura 2000 sareak babestutako lursaila da Artikutzakoa, eta presako hormigoi guztia kentzeko 100.000 kamioi bidaia beharko lituzkete, horrek ekarriko lukeen kalte ekologikoarekin. Beraz, behin urtegia hustuta, presaren behealdean tunel bat egitea planteatu du udalak, hortik Enobieta ibaia pasa dadin. Hala ere, oraindik ez dute erabakirik hartu.
Elosegiren aburuz, irtenbide ona izango litzake tunela egitea, gaur egun dagoen pasabidea oso estua eta azkarra baita, eta amuarrainak presaren goiko aldetik beheko aldera pasa daitezke, baina ez alderantziz: “presaren alde bateko eta besteko amuarrainak bi komunitate desberdin dira, eta, tunelaren bitartez, biak elkartuko genituzke”.
Katedradunaren arabera, ahateak izango dira kaltetuta aterako diren animalia bakarrak, gainerakoek baso gehiago izango baitute, eta euren “habitata hobetuko da”. Bestalde, aldagai bakoitzak bere errekuperazio erritmoa izango badu ere, “uda parterako” dena berdetuta egotea espero du Elosegik, “bi urtean” ibaia errekuperatuta egotea, eta “40 bat urtetan” dena baso baxua izatea.