Artikutzako bizitza, gogorra zein ederra
Duela 100 urte, 1919an, Donostiako Udalak Artikutzako lursaila erosi zuen, hango ura hirira eramateko. Geroztik, urtegi bat baino gehiago izan da, Euskal Herrian hobekien kontserbaturiko lekuetako bat baita.
Ondo dakite hori hango biztanleek, eta euren bizipenak kontatu dituzte horietako bik: Antton Gamiok (Artikutza, 1956) eta Agustin Fagoagak (Artikutza, 1959).
Ehun urte hauetan ekologikoki hobekien kontserbatu den inguruetako bat da Artikutzako lursaila, duen bisitari kopuru mugatuagatik dituen arrantza eta ehiza mugengatik, eta dituen baldintza klimatikoengatik (Iberiar penintsulan euri gehien egiten duen lekuetako bat da). Azken bi urteetan izan du aldaketa adierazgarriena Artikutzak, han 60 urte baino gehiago zeramatzan urtegia hustu baitu Donostiako Udalak, segurtasun arazoak zituelako eta ez zelako erabiltzen. Hori kenduta, paisaia ez da gehiegi aldatu; bai, ordea, Artikutza auzoko biztanleen bizitza.
Gertutik ikusi dituzte aldaketa horiek Antton Gamiok eta Agustin Fagoagak, han jaioak baitira biak. Gamioren aitona 1925. urtean joan zen Artikutzara bizitzera, frontoi ondoko etxera. Etxe horretan jaio zen Gamioren aita, Pascual, ondoren urte luzez hango basozaina izan zena. Etxe berean jaio zen Antton ere, eta Irunen klaseak ematen zituenean Hondarribian bizi bazen ere, erretiratu zenean Artikutzara itzuli zen. Hala ere, aita hil zenez, eta ama jada han bizi ez denez, ez daki noiz arte jarraituko duen hor. Fagoagaren kasuan, bere aitona Artikutzan jaio zen, bere aita ere, eta baita bera ere. Gaur egun, gainera, hango basozaina da. Ezkondu ondoren Oiartzunera bizitzera joan bazen ere, lotura estua izaten jarraitzen du Artikutzarekin, egunero joaten baita hara, lan egitera.
Gamiok azaldu duenez, gaur egun “despopulatuta” dago Artikutza. Beraiek umeak zirenean, ordea, “eskola eta apaiza” zituzten han, eta jende gehiago bizi zen, auzoa eta inguruko baserrietako jendea aintzat hartuta: “Garai hartan hogei familia inguru izango ginen, eta etxe gehiago zeuden auzoan. Eskolara eta igandeetako mezetara, inguruko baserrietako jendea etortzen zen, eta guztira 100 pertsona inguru izango ginen”. Baserrietarrek, kasu batzuetan, auzoraino “oinezko ordubete edo bi orduko” bidaia zutela nabarmendu du Fagoagak. Gaur egun, udal langile batzuk eta auzoko biztanle batzuk baino ez dira Artikutzan bizi; guztira hamar pertsona inguru.
Haurtzaro zoriontsua gogoratzen du Gamiok, ume asko baitzeuden beraien garaian. Gamiok azaldu duenez, ez zuten “dibertitzeko gauza handirik”, baina ondo pasatzen zuten: “Ume kuadrilla asko ginen Artikutzan, eta agian, beste gauzarik ezagutzen ez genuelako, oso ondo pasatzen genuen”. Eskolatik atera bezain laster, haur guztiak frontoira joaten zirela azaldu du Gamiok, eta “polizia eta lapurretan, pilotan, eta txorromorropikotaioken” jolasean ibiltzen zirela. Izan ere, beste dibertimendu mota batzuk oso berandu iritsi ziren hara. Telebista esaterako, urte luzez ez zuten ikusteko aukerarik izan, udalak antena kolektibo bat instalatu eta administratzailearen etxean kate bakarreko telebista bat jarri zuen arte. Larunbat eta igandeetan telebista hura eskolara eramaten zutela gogoratu du Gamiok, eta ume guztiak han elkartzen zirela, “Bonanza telesaila eta futbol partiduak” ikusteko. Gamioren arabera, “berritasun handi bat” izan zen telebista hura. Telefonoarekin antzeko zerbait gertatu zela azaldu du. Izan ere, gaur egun satelite bidezko telefono finkoa badute ere, 1990eko hamarkadararte “linea bakarra” egon zen Artikutzan, “administratzailearen etxean” instalatuta zegoena. Biztanleak, goizean ordubetez, eta arratsaldean beste ordubetez joaten ziren hara euren deiak egitera.
Auzoko eskola, ordea, biztanle kopuruaren jaitsierarekin desagertu zen, eta umeak Oiartzungo eskola publikoetara hasi ziren joaten lehenengo, eta Donostiakoetara ondoren. Fagoagak azaldu duenez, umeak eskolara eramateko egunero Land Rover bat jaisten zela auzora, 7:30ean.
Artikutza oso gustuko badu ere, hango bizitza “gogorra” dela aitortu du Gamiok: “Alde batetik bakardadea dago, oso jende gutxi baitago hemen. Bestetik, klima: hezetasun asko dago hemen, eta tenperaturak oso baxuak ez badira ere, sentsazio termikoa hotzagoa da beti”. “Hemen egoteko, gustatu behar!”, gehitu du Fagoagak. Izan ere, gaur egungo baldintzak askoz hobeak badira ere, lehen gorriak ikusten zituztela gogoratu du basozainak; neguan, batez ere: “Neguan, askotan, elur asko zegoenez, eta elurra kentzeko makinarik ez genuenez, hilabete oso batez inkomunikatuta egoten ginen. Eta eguraldiarekin argindarraren zutoina puskatzen bazen, argirik gabe gelditzen ginen”.
Hala eta guztiz ere, Gamiok eta Fagoagak nabarmendu dute Artikutza beraintzat “berezia” dela, han bizitzeak dakarren naturarekin harreman estuagatik. Izan ere, Fagoagak azpimarratu du txoriak direla hango “iratzargailua”. Ildo beretik, azeri batekin izan zuen esperientzia gogoratu du Gamiok: “Lehen oiloak aske izaten genituen etxeko lorategian, eta azeri bat bisitan etortzen zen goizero. Zelatan ibiltzen zen, oiloren bat harrapatu nahian, baina ez zigun inoiz oilorik kendu”.
Beste bitxikeria bat gogoratu du Fagoagak, urtegian arrantza baimenduta zegoen garaikoa. Azaldu duenez, erretiratutako gizon talde bat askotan joaten zen Artikutzara arrantza egitera. Egun batean, horietako bat uretara erori zen, eta, Fagoagaren arabera, “larri” ibili ziren gizona ito ez zedin. “Guztiaren ondoren, ‘nire emaztea ez dadila enteratu, ez didala arrantza egitera etortzen utziko!’ esaten zidan” gogoratu du barre artean basozainak.
Donostiako Udala eta Artikutza
Artikutzako biztanleek udalarekin izan duten harremana beti nahiko eskasa izan dela dio Gamiok, haren ustez, “Donostiako Udalarentzat beti bere langile batzuen herria” izan delako. Beraz, gehienetan harremana zuzenean lursailaren administratzailearekin izan du udalak. Francoren diktaduraren garaian, “nahiko administratzaile kazikea” zutela esan du Gamiok, eta beraz, biztanleek harekin zuten harremana nahiko hotza zela. Ondoren, ordea, bere semeak hartu zuen kargua, eta hura “lasaiagoa” zenez, harremana hobetu egin zela adierazi du. Fagoagak ere ildo beretik jo du udalarekin izan duten harremanaren inguruan: “San Agustin egunean [abuztuaren 28an], alkatea etortzen zen, baina udalaren harremana zuzenean administratzailearekin izan da beti”.
Haratago joan da Gamio, eta urte hauetan guztietan sumatu dituen hutsuneak nabarmendu ditu: “Oso bisita gutxi egin izan ditu udalak. Komunikazio aldetik, hutsuneak nabaritu izan ditugu”. Bestalde, Artikutzan autoak ez zeuden garaian, udalaren ibilgailu bat zegoela azaldu du Gamiok, baina ibilgailu hartan joateko “zailtasunak” jartzen zizkietela. Beraz, zaila zen beraientzat handik mugitzea, medikuarengana joateko, adibidez.
Hala ere, gaur egungo egoera lehengoa baino hobea dela azpimarratu du Gamiok: “Gure aiton-amonek bai pasa zituztela gogorrak, guk ez daukagu kexatzeko hainbeste arrazoi. Urteko egurra lortzeko adibidez, gaur egun nahi dugun guztia ekartzen digute, eurek ez zeukaten hain erraza”.
Urtegiaren hustuketa
Enobietako urtegia da Artikutzan gizakiak utzi duen aztarna ia bakarra. Izan ere, basoan ia ez du eskurik sartu gizakiak, eta, Fagoagaren ustez, kontrolatutako zonalde bat izateak mesede egin dio: “Artikutza guretzako oso berezia da, eta gauza asko mugatuta egoteagatik oso ondo kontserbatuta dago”. Urtegiaren hustuketarekin, ordea, triste agertu da basozaina: “Tristura handia ematen dit urtegia hutsa ikusteak. Baso bihurtuko da berriz, baina urte asko beharko ditu”. Urtegiaren errekuperazioaren harira, adituen aurreikuspenekin mesfidati agertu da: “Bost urtetan dezente errekuperatuko dela diote, baina lurra ondo egonkortu behar da lehenengo, eta zuhaitzek urte asko behar dituzte hazteko”.
Gamio ere triste agertu da urtegiaren hustuketarekin, galera estetikoagatik, batik bat: “Urtegi bat baino gehiago, laku bat izan da hau, eta oso polita: goitik ikusita, berdea zegoen alde batetik, ur urdina bestetik, teilatu gorriak bestetik… Orain pareta zahar hori eta lokatza baino ez dira gelditzen, eta pena da”. Gainera, haren ustez, “Donostiako Udalak ere ez daki zer gertatuko den Artikutzarekin”.
Urtegiaren hustuketarekin Artikutzak bere ezaugarri garrantzitsuenetako bat galdu badu ere, inguru magiko bat izaten jarraitzen du, duen kontserbazioarengatik. Artikutzako auzoan egotea, beste mundu batean egotea da: estaldurarik gabe, txoriak entzuten eta lasaitasuna arnasten. Hori guztia Donostiatik 40 minutura.
DATUAK:
Artikutza donostiaren parte
Noiz. 1919an, Donostiako Udalak, Artikutzako lursaila erosi zien Acillonako markesaren oinordekoei 3.200.000 pezetaren truk.
Urtegia
Noiz eraiki. 1947 eta 1953 urteen artean.
Noiz utzi. 1992. urtean (1976tik Añarbetik hartzen zuen ura Donostiak).
Edukiera. 1,6 hm kubiko (1.600.000.000 litro).
Artikutza lursaila
Non. Goizuetako udalerrian (Nafarroa).
Zabalera. 3.645 hektarea.
Bisitariak. Gehienez, 25 automobil egunean.
Ordutegia. 8:00etatik 20:00etara.
Flora. Pagoak, haritzak eta pinuak, batez ere.
Fauna. Basurdeak, orkatzak, azeriak, narrastiak, anfibioak, amuarrainak, ezkailuak eta karraskariak. Pirinioetako muturluzearen azken bizilekuetako bat da.