"Bezeroak harrituta geratzen ziren banketxean mailegu bat ematen ziena telebistako pailazoa zela ikusita"
Superheroien moduan, Xabier Otaegik bizitza bikoitza eraman du lau hamarkadatan zehar: banketxeko langilea astelehenetik ostiralera, eta Txirri pailazoa asteburuetan.
Zergatik aukeratu duzu La Jarana taberna?
Etortzeko gogoa nuen, ezagutzen ez nuelako. Jabea, Ander Gonzalez, Astelena tabernako semea da, eta bere aita nire lagun ona zen. Hona etortzeko gogoa nuen aspalditik, eta aukera hau eskaini didazunez, leku aproposa dela iruditu zait. Gainera, Astelenako arrain-pastelak apartekoak dira, eta hemengoek ere itxura ederra daukate.
Amara Berriko tabernaren bat hautatuko zenuela uste nuen.
Ni Parte Zaharrean jaio nintzen, eta Amara Berrin bizi naizen arren, askotan etortzen naiz hemendik. Auzokideon artean Parte Zaharrari buruz hitz egiten dugunean, beti gogorarazten diet bertako jendeak fundamentu asko duela. Amara Berrikoek txaketero bat naizela esaten didate, eta arrazoia dute: txaketero hutsa naiz!
Lau hamarkada pasa dituzu agertokiaren gainean. Faltan botatzen duzu pailazo izatea?
Ez, ez dut faltan botatzen. Ez daukat nostalgiarik. Gure egin beharra bete genuela iruditzen zait, eta ongi bete ere. Kili-kolo jarraitzea edo behin batez agertokiak uztea izan zen gure zalantza, eta bigarren aukera hautatu genuen. Gogoz utzi genuen, egundoko bira batekin, obra bati amaiera on bat eman izan bagenio bezala. Horrek lasaitasun handia eman zidan.
Txirrik oroitzapen ugari oparituko zizkizun, ezta?
Oroitzapen mordoa, bai. Eta oso onak gainera. Herri txiki batetik pasa eta horko antzokia ikusterakoan, burura etortzen zaizkidanak. Horrek, ordea, ez dit agertokira itzultzeko grina pizten. Baina horrek ez du esan nahi etorkizunean ezer egingo ez dudanik ere, oraindik sasoi onean nagoela sentitzen dut eta.
Frankismo garaian hasi zenuten zuen ibilbidea. Zerk bultzatuta?
Argi genuen garai hartako haur euskaldunei gertatzen zitzaiena. 1972an baziren ikastolak, bai, baina besterik ez. Haurrak ikastolara joaten ziren eta hor euskaraz hitz egiten zuten, baina hortik kanpo euskarak ez zien ezertarako balio.
Etorkizunean euskaraz bizi zitezela lortu nahi bagenuen, zerbait gehiago eman behar genien. Euskarazko dibertsio iturri bat, alegia. Hori dela-eta pentsatu genuen pailazo bihurtzea.
Kresalan hasi ginen entseatzen, epe luzerako inolako aurreikuspenik gabe. Nork esango zigun 42 urtez arituko ginela horretan lanean?
Haurrek zuen kantak abesten jarraitzen dute oraindik.
Bai, eta oso gauza polita da guretzat. Egungo haurrak Txirri, Mirri eta Txiribiton, Pintto pintto edo Paristik natorren bezalako kantak abesten ikustea oso pozgarria da.
Eta zuk, abesten jarraitzen duzu?
Nire ilobarekin sekulako kantaldiak egiten ditut, baina egia da azkenaldian gutxiago abesten dudala. Ahotsa pitzatzen hasi zaidala nabaritu dut, ohitura faltagatik ziurrenik.
Pailazo lana banketxeko lanarekin uztartu duzu urte askoan zehar.
Erraz ohitu nintzen horretara. Azken finean, banketxeko ordutegiak arratsaldeetan entseatzeko aukera eman zidan. Nire egunerokotasuna normaltasun osoz neraman. Bezeroren bat edo beste nahiko harrituta geratu izan da, ordea, banketxeko bulegoan mailegu bat ematen ari zitzaien pertsona telebistako pailazoa zela ikusita.
Hiru pailazoetatik, Txirrik serioena zirudien.
Bai, baina oso bihurria zen ere. Hiruetatik arduratsuena izatea tokatu zitzaion, hori da kontua.
Txirri eta Xabier antzekoak ziren?
Askotan esan izan didate ea Txirri Xabiertzen ari zen edo alderantziz. Badirudi denborarekin nolabaiteko antzekotasun bat garatzen joan ginela. Gauza normala dela pentsatzen dut, pertsonaia bat antzezterakoan gure nortasunaren ezaugarriak gehitzen dizkiogulako.
Zer eskaini dizu lanbide bakoitzak?
Banketxea ogibidea izan da niretzat, eta ekonomikoki behar nuen laguntza eman dit. Pailazogintzak, aldiz, bestelako aberastasun bat eskaini dit. Gauza ugari ezagutu ditut horri esker: herriak, pertsonak, kultura desberdinak…
Gainera, besteei zerbait eskaini izanaren poza sorrarazi dit. Izan ere, gure helburua euskara haurren artean sustatzea izan da hasieratik, eta horretan neurri batean lagungarriak izan garelakoan nago.
Zer moduz daramazu erretiroa?
Erretiratzen direnean, pertsona asko larritu egiten dira euren denbora librearekin zer egingo duten ez dakitelako. Niri ez zait hori gertatu. Beti daukat zer egin, han edo hemen, eta behar dudanean, niretzako unetxoak hartzea atsegin dut ere. Irakurtzeko, adibidez. Egunean hiruzpalau ordu pasa ohi ditut irakurtzen, eta hori egundoko gozamena da.
Paperezko liburua ala elektronikoa?
Semeek liburu elektroniko bat oparitu zidaten. Ni, ordea, ‘paperzalea’ izan naiz betidanik, eta muturra okertu nien hura jasotzean. Baina aitortu beharra daukat denborarekin gustua hartu diodala. Nirekin eraman nuen Donejakue bidea egin nuenean, eta apartekoa iruditu zitzaidan, ilunpetan ere irakurtzeko balio dezakeelako. Izugarrizko asmakuntza da!
Zertan zabiltza orain?
Gauza txiki askotan nabil, baina une honetan buru-belarri ari naiz Gobernu Zibila Kultur Etxe plataformarekin. Hauteskunde orokorrak eta udal-hauteskundeak gertu ditugu, eta testuingurua aprobetxatu beharra dugu gure aldarrikapena politikariei oroitarazteko.
Bestetik, gaia auzotarren artean ere zabaldu nahian gabiltza. Horretarako, nolabaiteko aste kultural bat egingo dugu, apirilaren 2tik 6ra bitarte. Hainbat solasaldi antolatuko ditugu egun horietarako, eta baita jaialdi bat ere.
Zergatik da beharrezkoa kultur etxe berria auzoarentzat?
Amara Berrin kultur etxe txiki bat daukagu 30.000 auzotarrontzat; genuen, hobeto esanda. Izan ere, Anoetako obrak direla-eta, hori ere kendu egin digute.
Guk Gobernu Zibila kultur etxe bilakatu dadila eskatzen dugu. Zergatik? Bertako zerbitzuak ibaiaren beste aldera eraman zituztenetik, bere espazio gehienak hutsik geratu direlako. Eta, nola ez, estatuarena izanik, eraikina guztiona delako.
7.000 metro karratuko eraikuntza da, eta altuera handiko espazioak ditu barnean, auditorium bat, musika gelak eta zinema bat jasotzeko oso egokiak direnak. Horretaz baliatu ahal izatea izugarri ona izango litzateke Amara Berriko auzotarrontzat.
HAMABIETAN BERMUTA. Arrain-pastel pintxoa eta ardo zuria.
Non. La Jarana taberna (Parte Zaharra).
Prezioa: 4,40 euro.