Borrokan jarraitzeko elkartu dira
Benta Berriko babes ofizialeko etxe batean bizi den familia baten etxegabetzea etetea lortu zuten joan den astean. Stop Kaleratzeak plataformak eta Alokairuk, promozio horretako bizilagunen elkarteak, bat egin dute, bizilagunen eskubideen alde borrokatzeko.
Stop Kaleratzeak plataformak joan den astean deitutako elkarretaratzean eman zuten albistearen berri. Hilaren 22rako aginduta zegoen Benta Berriko familia bat etxegabetzeko ordena gelditzea lortu zutela jakinarazi zuten plataformakoek, Andia kaleko Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean egindako agerraldi publikoan. Familiak ezin izan izan zien aurre egin alokairuaren 778,02 euroko bost kuotari 2018an, izan ere, aita bajan egon zen sei hilabetez, soldataren %60a kobratzen, eta lanetik kaleratu egin zuten. Kuotak ez ordaintzearen ondorioz, etxearen azalera eskubidea duen Testa-Residencial-Socimi enpresak etxegabetze eskaera aurkeztu zuen familiaren aurka.
Etxegabetzeko arriskuan zegoen familia Eusko Jaurlaritzaren babes ofizialeko etxe batean bizi da 1998tik, alokairuan. Familiaren etxearen eta Benta Berriko babes ofizialeko beste hainbat etxeren azalera eskubidea Metrovacesa eta Vallhermoso promotoreei eman zien 90eko hamarkadan Eusko Jaurlaritzak, 75 urterako. 2016an Santander, BBVA, Caixa eta antzeko bankuen aktiboak kudeatzen dituen Testa Residencial-Socimi enpresen aldi baterako batasunean (EAB) fusionatu ziren. Egun, Testa Residencial-Socimiren inbertitzaile nagusia Blackstone putre funtsa dela azaldu dute.
Familiak abokatuaren eta prokuradorearen bitartez zor zituen kuota guztiak ordaindu ahal izan zituen «esfortzu handiz», eta enpresak etxegabetze aginduaren etendura eskaera aurkeztu zuen joan den astean Donostiako 2.en epaitegian. Rosa Garcia Stop Kaleratzeak plataformako bozeramaileak nabarmendu du albiste ona dela, baina gogorarazi du etxegabetze agindua etenda dagoela, eta ez baztertua. Era berean, familiako aitak jakinarazi du euren abokatua Testa-Residencial enpresarekin harremanetan jarri dela, alokairu-kontratuaren egoera ezagutzeko: «Ez dakigu kuotak ez ordaintzeagatik gure kontratua bertan behera gelditu den edo ez. Erantzunaren zain gaude», azaldu du gizonak.
Orain, gainera, ordaindu ez izanak eragindako kostu judizialak ordaintzeko exijitu die enpresa salatzaileak familiakoei. Hain zuzen, 4.000 euroko faktura bidali dietela azaldu dute. «Stop Kaleratzeak plataformak eta kaltetuen abokatuak kostu horien aurrean zer egin dezakegun aztertzen ari gara. Guk zorduna egoera prekarioan dagoenean kostuen barkatzea eskatzen diegu erakunde finantzarioei eta inbertsio-funtsei», esan du Garciak.
Aspaldiko kontua
Eusko Jaurlaritzak sustatu zuen Benta Berriko babes ofizialeko promozioa, eta 450 familia inguruk lortu zuten etxebizitza bat 1998an. Horietako bizilagun batzuek Alokairu bizilagunen elkartea sortu zuen duela urte batzuk, eta azaldu dute promozioaren inguruko arazoa ez dela orain sortu, eta eraiki zenetik irregulartasunak nabarmenak izan direla. Alokairuko kide diren bizilagunek Eusko Jaurlaritzaren eta promozioaren ardura duen EABren jokabidea kritikatu dute, eta haien aurrean babesgabe sentitzen direla gaineratu dute. «Ez digute inoiz ezertarako erraztasunik jarri, eta haiekin harremanetan jartzea oso lan zaila da», gaineratu dute.
Azken urteetan, gainera, bizilagunen elkartearen ahuldu egin dela onartu dute, krisiaren eraginez, zein familia bakoitzaren jokaera indibidualarengatik. Era berean, azaldu dute hasieran han bizi ziren familia asko joan egin direla, eta hori kalterako izan dela: «Enpresari maizter zaharrak joatea komeni zaio; hori da nahi dutena».
Duela egun gutxi etxegabetze-arriskuan egon den familiaren kasuak «alarmak piztu» dituela baieztatu dute, eta horrelako kasuetan Stop Kaleratzeak plataformarekin harremanetan jartzearen garrantzia nabarmendu dute bizilagunek; izan ere, plataformak horrelako egoerei aurre egiteko baliabideak ditu. Gainera, jakinarazi dute aurretik promozio berean gertatutako etxegabetze gehiagoren berri izan dutela. «Ez dakigu zenbat etxegabetze egon diren, baina badakigu jendea etxegabetu dutela, eta lotsa edo beldurragatik ez dutela horren berri eman», azaldu dute bizilagunek.
Joan den asteartean bilera egin zuten Stop Kaleratzeak plataformako eta Alokairuko bizilagunen plataformako kideek, eta jakinarazi dute hemendik aurrera batera ekingo diotela bideari. Helburu nagusia indarrak batzea da, baita etxegabetze-arriskuan egon den familiaren antzeko kasuen berri izan eta horiei aurre egitea ere. «Haiena ez da kasu isolatu bat izan, eta krisiak jende askori eragin dio. Etxebizitza hauen batez besteko alokairua 800 euro ingurukoa da, eta jende askok zailtasunak izan ditzake ordaintzeko», gaineratu du Garciak. Tentuz hartzeko gaia dela ohartarazi dute, eta Testaren jokabide ankerra kritikatu dute: «Alokairuaren kuota bakar bat ez ordaintzeagatik etxegabetze salaketak ezartzen ari da Testa enpresa».
Babes ofizialeko etxeak
Egoeraren koska babes ofizialeko etxeak direla azpimarratu dute, hau da, kudeaketa publikoa dutenak. «Babes ofizialeko etxebizitzak direla azpimarratu behar da, lur publikoan eraikitakoak, baina, azken finean, funts putre baten eskutan gaude», esan dute bizilagunek. Eusko Jaurlaritzaren kudeaketako babes ofizialeko etxeak izateak ez diela segurtasuna bermatzen kritikatu dute. «Eusko Jaurlaritzarekin egindako bileretan 2028an etxebizitza horiek liberalizatuko dituztela baieztatu diete bizilagunei», ohartarazi du Garciak. 90eko hamarkadan Eusko Jaurlaritzak EAB eraikitzailearekin sinatutako kontratuaren arabera, 2028an promozioaren etxeen eskumena EBAren eskuetan geldituko da, eta ondorioz, alokairuaren prezioak liberalizatzeko «askatasun osoa» izango du enpresak. «Gaur egun 800 euro inguruko alokairua 1.300 eurora igo daiteke, merkatuaren prezioen araberako kuotak jarriko dituzte eta», salatu du Garciak.
Stop Kaleratzeak plataformak eta Alokairuk idazki eta interpelazio sorta bat aurkezteko asmoa dute, Eusko Jaurlaritzari eta Donostiako Udalari zuzendutakoak. Alde batetik, fede oneko zordunak diren pertsonen etxegabetze drastikoen etetea eskatzeko, eta bestetik, babes ofizialeko promozioei dagokien ardura euren gain hartzeko exijitzeko. Bi plataformek bat egin dute, eta hemendik aurrera, borrokan jarraitzeko asmo irmoa azaldu.