Donostiako Udalak harrera egin die Txuri Urdin Izotz Hockey Klubeko jokalariei
Txuri Urdin Izotz Hockey Klubeko gizonezkoen senior mailako taldeak Liga txapelketa irabazi zuen martxoaren 16an, finalean Puigcerda taldeari bosgarren partidan 3-2 irabazi ostean. Atzo, hilaren 28an, Donostiako Udalak, Eneko Goia alkatea buru, harrera egin zion udaletxean.
Harreran parte hartu zuten Eneko Goia alkateak, udalbatzako hainbat zinegotzik eta Txuri Urdin Izotz Hockey Klubeko jokalariek, entrenatzaileek eta zuzendaritzako kideek. Alkateak azpimarratu zuen Kluba egiten ari den lana, bai gizonezkoen bai emakumezkoen taldeekin: “Azken urteetan hiru liga eta bi kopa irabazi dituzue gizonezkoetan eta emakumeek lehen aldiz finala jokatu dute aurten eta txapeldunordeak izan dira. Harro egoteko moduko gauza da. Eskerrik asko hiriaren izena hain ondo ordezkatzeagatik”. Azkenik, alkateak zorte ona opa nahi izan zien gizonezkoen zein emakumezkoen taldeei Kopa txapelketarako. Asteburu honetan gizonezkoek Jaca-n jokatuko dute Erregearen Kopa, eta emakumezkoek aldiz, Donostian jokatuko dute Erreginaren Kopa apirilaren 13an eta 14an.