Hiriko masoien arrasto bizia
Frankismo garaian masoiek jasandako jazarpenaren aitortza ofiziala egin du Donostiako Udalak. Hiriko lehen logia duela 210 urte sortu zuten, Los Hermanos Unidos de San Sebastian izenpean; geroztik, Donostia tradizio masoniko handiko hiria bilakatu da.
Masoneriak berebiziko garrantzia izan du Donostian urteetan zehar. Hiriak instituzio filosofiko honen oinarri diren hainbat logia edo elkarte ezagutu ditu, eta aristokrata donostiar ugari masoneriako kide ezagunak izatera iritsi dira; besteak beste, Jose Martinez de Ubago alkatea eta Fermin Vega de Seoane, Izquierda Republicana alderdiko buruzagia. Tropa frankistak 1936an Donostiara sartu zirenetik, ordea, masoneriak hamarkadatan zehar luzatu zen jazarpena jasan zuen hirian, eta bere kide asko espetxeratuak edo erailak izan ziren.
2000. urtetik, Francok zapaldutako masoi horien memoria berreskuratzeko lanetan aritu da Altuna Nº 52 logia, mota honetako hiriko elkarte bakarra. Bere kideek Espainiako Gerrako Artxibo Orokorra arakatu zuten, eta hortik ateratako historiak Argi baten memoria liburuan argitaratu zituzten 2016an.
Biktima masoiei aitortza egiteko helburuarekin, Donostiako Udalak liburuaren izen bereko eskultura inauguratu zuen iaz Loiolako Erriberako Oroimenaren Lorategian. Azken udalbatzarrean eginiko aitortza ofizialarekin, berriz, udalak hiriko masoneriaren birgaitze-prozesuari “behar bezalako amaiera” eman diola nabarmendu dute Altuna Nº 52 logiako kideek.
Masoneriaren aztarna hirian
Euren jarduerak guztiz oharkabean pasa ohi diren arren, hiriko logiek agerikoak diren aztarnak utzi dituzte Donostian. Gipuzkoa plazan, esaterako, Azkoitiko triunbiratu masonikoaren ikur diren hiru eskuen sinboloa ikus daiteke, Peñafloridako kondearen omenezko plakan.
Aztarna horiek, ordea, ez dira beti fisikoak. Izan ere, zenbaitetan ohitura gisa ere iritsi dira guregana. Gastronomia elkarteak, adibidez, masoien ekarpena izan ziren, eta Union Artesanaren logo zaharrean ageri zen esku-ematearen irudia jatorri masoniko horren isla garbia da.