100 urte bete dira lehen Behobia-Donostia egin zenetik
Gaur, hilak 30, Behobia-Donostia lasterketak 100 urte bete ditu. Hain zuzen ere, gaurko egunez antolatu zuten lehendabizikoa. Fortuna kirol elkarteak 1919ko egun hura gogoratzeko, Antxon Iturrizak prestaturiko lehen lasterketaren kronika argitaratu du.
Hastepenetik, Fortunak bere presentzia egonkotzen hasi zen lasterketetan, Cross Country gisa ere ezaguna. Izan ere, 1919an Gipuzkoan lasterketa egutegi zabala zegoen, Fortunarekin batera Uliako Gimnastikak eta Real Unionek ere parte hartzen zuten, besteak beste. Ia proba guztietan nagusi ziren Juan Muguerza elgoibartarra, Miguel Peña (Uliako Gimnastika) eta Modesto Makazaga (Fortuna KE).
Lasterketak gertakari herrikoiak ziren, korrikalariak tranbietan eramaten zituzten, musikarekin harrera egiten zieten eta txaloka hartzen zituzten ehunka lagunek bide ertzetan.
Behobia-Donostiarekin Fortunak iraupen lasterketen eskeman muga berri bat ireki zuen 1919an. Lasterketen ibilbideetan ohiko distantziak 5 eta 10 kilometro artekoak ziren. Elkarteak 20 kilometroko lasterketa antolatzeko proiektua ezagutarazi zuenean, ezustekoa eragin zuen 1919ko martxoaren 30ean. Antolaketa erronka handia zen ibilbidehain luzea eta irteera nahiz helmuga leku urrunetan zituena planteatzea; eta noski, ez zuen parekorik elkarteak berak ordura arte bere gain hartutako esperientziekin.
Aurreko egunetan, egunkariek azalpenak eman zizkieten ikusleei eta lasterkariei. Azken hauek Hendaiara joango ziren 7:55erako Topoan. Geltokian ibilgailu batek eramango zituen irteerara, “Faisaien uhartearen parean eta nazioarteko zubitik 300 metrora” zegoena.
Halaber, zehaztu zuten korrikalari bakoitzarekin “txirrindulari laguntzaile” bat joatea, helburu zuena sostengatzea, masajeak ematea eta abar; eta atletei gomendatu zieten “oinetako laua edo azken muturrean, alpargatak artile galtzerdiekin” erabiltzea.
Lion D’Or-en, Forturaren garaiko egoitzan kokatutako kafetegian, Viktoria Eugenia antzokiko sotoan, izen emateak erregistratzen joan ziren 36 korrikalariko kopurura heldu arte.
Aurreko egunetako eguraldi txarrak eraginda, bezpera arte izan zuten antolatzaileek proba egingo ote zen zalantza. Eta ohartarazi zuten: “Eguraldi txarragatik zalantzarik baduzu, galdetu 047 telefonora deituta arratsaldeko bostetatik zazpietara”. Baina probaren arduradunen lasaigarri, egunak oskarbi argitu zuen.
Lehen ordutik, Topoaren irteerako geltokian, Peñaflorida kalean, oso ugaria zen korrikalari, manager, komisario, ordezkari eta txirrindularien kopurua, Irunera joateko mugako trenaren zerbitzu berezia erabiltzeko prest. Ordubete geroago, urduritasuna Behobia ingurura lekualdatua zen, kotxean hara joanak ziren ere antolatzaileak, ordezkariak eta kazetariak. Haiekin batera, txirrindulari, motorzale, zaldizko eta ikusle multzo bat gogotsu zain zegoen irteerako unea noiz iritsiko.
Eta tentsioz beteriko unea heldu zen, lehen Behobia-Donostian parte hartuko zuten 22 korrikalariek larri begiratzen zuten Gipuzkoako Atletismo Federazioko presidente Gabriel María Lafitteren besoa, irteera emateko pistola eskuan zuena.
Makazaga izan zen probaren buru lehen zatian bere txirrindulari laguntzaileak aholkatuta, zeina Luis Adarraga kirolari aparta eta Fortunako bazkide sortzailea zen. Postua mantenduko zuen Gaintxurizketako gaina pasatu arte, han Mugerzak aurre hartu zion behin betiko.
Errenteria igarotzean jendetza zegoen ikusten, garaiko komunikabide batek aipatzen duenez: “Ikuslegoa gero eta ugariagoa zen eta ibilgailuak edonondik heltzen ziren, osatuz ziklo-moto-auto-tranbia-zaldiko-korrikalari karabana zoragarri bat”.
Gogo berotutako zaletuen bigarren ilaran bide eginez korrika bat Viktoria Eugenia parean jarritako helmugara hurbiltzen ari zen. Juanito Muguerza zen! Elgoibarko korrikalari handia Behobia-Donostiako lehen irabazlea izango zen. Ikuslegoak bere izena orru egiten zuen helmugako marra zeharkatu zuenean 1:17:50 denboran. 20 segundora ibilbidea osatu zuen Modesto Makazagak, eta haren atzetik, beste hamabi meritudun atletek, besteren artean Ugalde eta Lafourcade fortunistak.
Behobia-Donostiak hasia zuen bere ibilbidea ordura arte hiriburu donostiarrean jokatutako kirol ekimen herrikoiena izatea lortuta. Lehen edizio hura, gainera, Fortunarentzat garaipena ere izan zen, egonkortzen hasi baitzuen bere etorkizuna kirol ekimen herrikoien antolakuntzan.