Apirileko egitaraua aurkeztu du Bagera elkarteak
Apirilaren 1ean hasiko dira Bagera elkarteak antolatutako jarduerak, Urrats euskaltegian elkartuko baitira 19:00etatik 20:30era apirileko Elkarrizketa Filosofikoa egiteko. Feminismoa, botere politikoa, indarkeria matxista eta zaintza izango dira gai nagusiak, eta Mari Luz Estebanen Feminismoa eta politikaren eraldaketak (Lisipe.-Susa) liburuko bigarren atala, Zenbait izarguneren argiak eta ilunak izango du oinarri Elkarrizketa Filosofikoak.
Apirilaren 6an, Azkizuko Xotei txakolindegira joango dira, hango txakolina dastatzera. 9:45ean gelditu dira Federico Garcia Lorca kaleko 2 zenbakian dagoen markesinan, eta 10:00etan hartuko dute Getariara joateko autobusa. Behin Getariara iritsita, bagerakide getariar batek egingo ditu gidari lanak, eta hiru kilometroko oinezko ibilbidea egingo dute, Xotei txakolindegiraino. Bidean, gainera, San Prudentzio eta Azkizuko ermitak ikusiko dituzte. 13:00etan, txakolindegiko arduradunak txakolina nola egiten duten azalduko die, eta han bazkalduko dute, bakoitzak bere bazkaria eramanda. Arratsaldean, solasaldian eta kantuan arituko dira, eta ondoren, autobusean itzuliko dira Donostiara. Izen-emateak 5 euro balio du, eta mintzalaguna@bagera.eus helbidearen bitartez, edo 943005074 telefonoaren bitartez egin daiteke.
Hilabete honetako Donostiako Kantu Jira, apirilaren 20an egingo dute, Parte Zaharreko Fermin Calbeton kalean, 12:00etan. Bestalde, helduen III. Antzerki ikastaroa antolatu dute euskaltzaleek, eta apirilaren 29tik ekainaren 17ra arte egingo dute. Astelehenero egingo dute tailerra, 18:00etatik 19:30era, Bagera elkartean, eta Oihana Maritorena euskara irakasle eta aktorearen eskutik abiatuko da. 20 euroko prezioa du ikastaroak (15 euro bazkide eta langabetuentzat), eta bagera@bagera.eus helbidean, edo 943005074 telefonora deituz egin daiteke izen-ematea.