EAJk hauteskunde programaren bost konpromiso orokorrak aurkeztu ditu
Eneko Goia EAJren alkategaiak adierazi du Donostiak “aurrera” egin duela azken lau urte hauetan, “hiria bultzatzen lagundu duten proiektu eta ekimenei esker”. Orain, berriz, “lorpenak kontsolidatzeko” unea dela gaineratu du. Ildo horretatik, jeltzaleen hauteskunde-programak izango dituen bost konpromiso orokorrak aurkeztu ditu.
“Hiri oparoaren alde lan egitea, etxebizitza beharra, bizitzeko hiria sustatzea, hiri erreferente eta mundura irekia izaten jarraitzea, eta kudeaketa eraginkorra” dira Goiaren hautagaitzaren egitasmoak izango dituen bost arlo orokorrak.
Aberastasuna sortzeko gai den hiria izatea nahi duela adierazi du alkategaiak: “Talentua erakartzeko gaitasuna izango duena, eta egitura produktibo garrantzitsua mantenduko duena, betiere, hiri oparoa izaten jarraitzeko”. Horrela, azpimarratu du udala Eskusaitzetan egiten ari den apustua Gipuzkoako industrialde handiena izateko, eta enpresa berriak erakartzeko.
Aldi berean, azpimarratu du etxebizitza sustatzea dela egun hiriak duen lehentasuna, eta lau urte hauetan Txomineneko auzoa egia bihurtzeko egindako lana goraipatu du. “Donostiak hiri lagunkoia, bizitzeko hiria izaten jarraitu behar du, batez ere, adinekoentzat zahar etxeetan hobekuntzak eginez; eta halaber, gazteentzako zerbitzu berriak eskaintzen dituen hiria, adibidez, Altza, Gros eta Loiolako Erriberako Haurreskola berrien bidez”.
Donostia munduari irekita dagoen hiri erreferentea dela adierazi du Goiak. “Bere nortasunari uko egin gabe hazten jarraitu nahi duen hiria da. Eta horretarako, kultura apustu propia egin behar da, Zinemaldia, Jazzaldia, Tabakalera eta Txillida-Leku bezalako jaialdiak edo azpiegiturak ardatz bezala izanda”.
Kudeaketa eraginkor eta garden baten aldeko jarrera du Goiaren hautagaitzak. Horiek horrela, auzoz auzo ibili dira hiritarren ekarpenak jasotzeko: “Izan ere, Donostiarako nahi dugun proiektua donostiarrek nahi duten eta esango diguten proiektua da”.