Lan hitzarmen duin baten aldeko protesta egin dute esku hartze sozialeko langileek
Jendartelana asanblada osatzen duten esku hartze sozialeko langileek mobilizazio bat egin dute goizean hiriko erdigunean zehar. Euren lan hitzarmenaren negoziazioen baitan Hedatzen patronalak eginiko proposamenaren aurka protesta egiteko irten dira kalera.
Langileek salatu dutenaren arabera, patronalaren proposamenak “oso larriak diren murrizketak” jasotzen ditu; esaterako, soldaten murrizketak eta antzinatasunaren ezabapena. Lan hitzarmen duin bateko aldarriarekin, Artzai Onaren katedralean bildu dira asanbladako kideak, Foru Aldunditik eta udaletxetik ere igaro den martxa abiatzeko.
Arratsaldean berriro ere bilduko dira, 16:30ean Tabakaleran, langileen asanblada egin eta patronalaren erantzuna jaso bitartean taldeak emango dituen pausoak zeintzuk izango diren erabakitzeko.