Artzain Oneko belatz handi bikotearen "kanporatzea" salatu du Eguzkik
Azken urteetan belatz handi bikote batek (Falco peregrinus) habia egin du Artzain Onaren katedraleko dorrean, eta Eguzki talde ekologistak salatu duenez, han egiten ari diren lanen ondorioz, “belatzek alde egin behar izan dute”. Gipuzkoa osoan, habia eraikin batean egin duen bikote bakarra dela adierazi dute, horregatik, bikotea “harribitxi bat” dela baieztatu dute.
Eguzkik ohartarazi du Mehatxatutako Espezieen Euskal Katalogoan belatz handia “bakan” edo “arraro” gisa sailkatuta dagoela, eta hiri batean “sekulako lana” egiten duela usoak, kaioak eta beste espezie batzuk modu naturalean kontrolatzen. Artzain Onaren lanak direla eta, habia aldamioz inguratu dutela jakinarazi du talde ekologistak, eta horregatik, belatzek ihes egin dute. Mehatxatutako Espezieen Euskal Katalogoaren arabera, hegazti horien habiak suntsitzea zein umatze-guneetan eragozpenak sortzea espresuki debekatuta dago. Eguzkik kritikatu du hori ez dutela kontuan izan ez Elizak (lanen egileak), ez udalak (baimena eman duenak), ez Foru Aldundiak (espezie babestuen ardura duenak). Era berean, erakunde horien “sentsibilitate eza” salatu du.
Talde ekologistak kezka azaldu du dorre zaharberritua “atrakzio turistiko bihurtzeko” aukeraren aurrean, “belatzen balizko itzulera zapuztu dezakeelako”. Azkenik, gogorarazi dute belatz handiak Bartzelonan, Madrilen, New Yorken eta beste hainbat hiri handitan ere bizi direla, eta hiri horietan habiak babesteko neurriak hartzen dituztela.