Donostiako La Salleko apaiz batek egindako sexu abusuak salatu ditu gizon batek
1960ko hamarkadan, Herrerako La Salle San Luis ikastetxeko ikasle zela, La Salle ikastetxeko apaiz batek sexu abusuak egin zizkiola salatu du Josu Berrak. 11-12 urte zituen sexu abusuak sufritu zituenean. Egun 62 urte ditu, eta Errenterian bizi da. Urteak behar izan ditu gertatutakoaz hitz egiteko, baina salaketa jartzeko pausoa eman du.
Oarsoaldeko Hitzari adierazi dio salaketa jarri zuela joan den ostiralean, eta litekeena dela hark bezala beste ikasle batzuek ere abusuak jasan izana: “Ni Errenteriara joan nintzen bizitzera, eta orduko ikaskideak ezagutzen baditut ere, ez dugu behin ere haiekin gaiaz hitz egin”. Salaketan jasotzen denez, apaizak hankak, izterrak eta sexu-organoak ukitzen zizkion. Azken asteetan beste ikastetxe batzuetan izan diren sexu abusu salaketek mugituta, errenteriarrak ere salaketa jartzea erabaki duela jakinarazi du, “ziur naiz gaur egun ere horrelakoak gertatzen ari direla. Salaketa horrelakoak berriz ere gerta ez daitezen jarri dut. Beti izan ditut buruan abusu horiek. Ikasturte batean jasan nituen abusuak, eta ziur naiz apaiz horrekin nire ondorengo ikasturteetan izan zirenek ere jasan zituztela. Urtero bat aukeratuko zuen”.