Eneko Goia, Erorien Haraneko 124 hilkutxak berreskuratzeari buruz: "Gai konplexua da, baina aztertuko dugu"
Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan, Eneko Goia alkateak adierazi du frankismo garaian Polloetik lapurturiko 124 hilkutxen gaiaren berri izan duela, eta Erorien Haranean dauden gorpuzki horiek berreskuratzeko aukerak aztertuko dituztela: “Zerrenda mahai gainean daukat, eta lan horri ekin egin beharko diogu. Ez da erraza izango, onespenak bilatu beharko ditugulako”.
Goiak gaiaren konplexutasuna nabarmendu du, hildakoen senideen onespenak era boluntarioan edo ez eman ziren jakitea zaila dela adieraziz. Gainera, zehaztu du “subjektiboki, lapurtuak izan zirela iruditu badezake ere, formalki ez zela horrela izan”, oinordekoen borondatea zein den ezagutzea funtsezkoa izango dela azpimarratuz.
Duela egun gutxi, IRUTXULOKO HITZAk Polloeko gorpuzkien lapurretari buruzko erreportajea argitaratu zuen, kasua azaleratu duen Genozidioaren Biktimen Elkarteko kideak elkarrizketatuz.