Espainiako gerrako errepresaliatuen omenezko webgunea sortu dute udalak eta Aranzadi elkarteak
'Donostia 1936-1945' webguneak Espainiako gerran zehar Donostian gertatutako giza eskubideen urraketak eta donostiarrek hiritik kanpo jasotakoak biltzen ditu.
Donostiako Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak ‘Donostia 1936-1945’ izeneko webgunea sortu dute, Espainiako gerran errepresaliatutako 7.000 pertsonei buruzko informazioarekin. Giza eskubideen urraketen inguruan Euskal Herrian aurkeztu den datu baserik osatuena da, eta urte horietan zehar erailak, espetxeratuak eta jazartuak izan ziren herritarren memoria bizirik mantentzea du helburu.
Aranzadi elkarteak bildu ditu pertsona horiek guztien datuak, bi urtez 6.000 dokumentu pertsonal eta ofizial baino gehiago aztertu ostean. Dokumentu horiek webgunean bertan kontsultatu ahal izango dituzte herritarrek: argazkiak, bideoak, espetxeetako fitxak, dokumentazio pertsonala, eskutitzak, marrazkiak…
Webgunearen aurkezpen ekitaldian, egitasmoaren sustatzaileek nabarmendu dute “horrelako lana amaitutzat ematea ezinezkoa dela”, azaleratu beharreko kasu gehiago daudela gogoratuz. Hori dela eta, errepresaliatu gehiagoren memoria bermatzeko helburuarekin proiektuak irekita jarraituko duela adierazi dute, lan horretarako biktimen eta biktimen senideen kolaborazioa ezinbestekoa izango dela azpimarratuz.