Intxaurrondoko bizilagunek mikrobus linea bat sortzea proposatu diote udalari
Garraio publikoan ez dute auzoko oinarrizko zerbitzuetara iristerik. Anbulategira, kultur etxeetara, kiroldegira, gizarte zerbitzuetara edo farmaziara joateko zailtasunak dituzte. Hala uste du Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkarteak, eta gabezia honi aurre egiteko, mikrobus linea bat egiteko proposamena egin diote Donostiako Udalari. Euren helburua da auzoko gune guztiak lotuko dituen autobus linea bat egitea, bizilagunen arteko harremanak sendotzeko eta komunikazioa hobetzeko.
Proposamen hau babestu nahi duten auzotarrek honako lekuetan izango dute sinadura emateko aukera: Intxaurrondo kultur etxean, Larrotxene kultur etxean, Mons kiroldegian eta Intxaurrondo Zaharreko aiton-amonen etxean.