Alkain eta Labayen alkateen legatua aldarrikatu du Goiak hauteskundeei begira
EAJk frankismo ondorengo lehen udal-hauteskundeen 40. urteurrena ospatu du gaur Gipuzko Buru Batzarraren egoitzan.
Bere alderdiko kideez lagundurik, Eneko Goia alkategaiak demokraziako bi lehen alkateen lana azpimarratu du Gipuzko Buru Batzarraren egoitzan eginiko ekitaldian. Jesus Maria Alkain eta Ramon Labayen alkateek egungo Donostiaren zutabeak jarri zituztela adierazi du Goiak, lan horren jarraipena bereganatuz: “Orain guri dagokigu legatu horren lekukoa hartzea eta etorkizuneko Donostia konfiguratzeko erabakiak hartzea”.
Bere hitzartzean, alkategaiak Alkain eta Labayenen lorpenak nabarmendu nahi izan ditu, hiriko bidegorrien lehen metroak eta kulturarekin lotura duten hainbat proiektu beraiek bultzatu zituztela zehaztuz, hala nola, Zinemaldia, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Udako Ikastaroak eta Kursaal jauregi berriaren proiektua.
Goiak adierazi du bi alkateek hartutako erabaki horiek ausartak izan zirela, “une zailetan hartu baziren ere”, hiriaren modernizazioa eta nazioarteko proiekzioa ekarri zituztelako. Legatu horri jarraipena emanez, bere udal gobernuaren hainbat erabaki “etorkizuneko Donostiaren norabidean” kokatu ditu alkategaiak, besteak beste, Topoaren igarobidearen proiektua eta hiriaren nortasunaren alde eginiko lana aipatuz.
Udal hauteskundeetarako EAJren hautagaitzari erreferentzia eginez, “mundura proiekzio handia duen Donostiaren alde egiteko”, bere alderdia ezinbestekoa izango dela gaineratu du Goiak.