Begiratu berriz, irudiek hor jarraitzen dute
Zigor Etxebeste, zinema kritikaria.
‘LURRALDE HOTZAK’
Zuzendaria: Iratxe Fresneda
Urtea: 2018
Herrialdea: Euskal Herria
Bidaia guztiak lehen urrats txiki batekin hasten direla zioen Laozi filosofoak. Zinean, musikan bezala, denboran igarotako bidaiak daude eta nahiz, eta fisikoki ez mugitu, zirrarek eta hausnarketek leku desberdinetara (desberdinetatik) eramaten gaituzte. Iratxe Fresneda EHUko irakasle, ikertzaile eta zuzendaria bidaiaren zentzu hau aintzat hartuta hasi da bere urratsak egiten, eta jada «erregistroaren trilogia» deritzon lehen bi filmak osatu ditu. Lehena Mirentxu Loiarte zinegileari buruzko Irrintziaren oihartzunak (2016) izan zen, eta bigarrena egun aurkezten ari den Lurralde hotzak (guk Kresala Zineklubak egindako aurkezpenean ikusteko aukera izan genuen). Hirugarren atalak hegoaldera eramango du, Tetuan hirian begiak jartzera.
Zinean bidaiak road movie generoan sartzen ohi dira eta Fresnedak horretan oinarritu du bere filma. Hori bai, ez fikziozko forma zinematografikoa erabiliz. Lurralde hotzak, filmean aipatzen den moduan, leku fisikoak dira, baina baita ere zinean eremuz kanpo geratzen den guztia, eta, nolabait, zuzendariak gustuko du ikusezin diren ertz horietatik mugitzea, eremua soinuz eta irudiz gainezka baitago (Lurralde Hotzak Victor Ericeren hitzekin hasten da, Susan Sontagek proposatutako ikus-entzunezko absolutismoaren aurkako borroka aipatuz).
Hau da filmak duen ekarpenetako bat, Fresnedak ez baititu erreferentzia-mugarri dituen irudi zinematografikoak zuzenean erakusten, ikusleak, ordea, nabaritzen ditu han-hemenka (Ikuska sailaren bazterkin bitxiak honen eredu bihurtzen dira). Zarata gehiegirik gabe, ikus-entzunezko isiltasunaz, Fresnedaren hausnarketak dira bidaia zinematografikoaren iparrorratza eta horrela, ia konturatu gabe, Euskal Herriko edo Aragoiko gertuko lurraldeetatik Berlineraino iristen gara, amaieran eskandinaviar lur eta argi hotzetan murgilduz.
Irudiek, lekuek, soinuek, Fresnedaren hausnarketa desberdinekin solasean bidaiatzen dute, askotan kontrastean, eta guztiari doinu pertsonal berezia ematen diote, egin duen lana errepikaezina bilakatuz. Gainera, zinema dokumentalean egiten ohi den moduan, Fresnedak errealitateari leihoa irekitzen dio eta hain irekia uzten du bere filma, edozein zirrikitutik sartzen zaiola. Hori bai, erreferenteak galdu gabe: txori bat balkoian agertzen zaio, Kiarostami gogora ekarriz; edo Riglosko malloetan dagoela, memoria historikoa ozenki sartzen zaio argazki txundigarri batekin, Rithy Panh aintzat hartuta (eta Jose Luis Guerinen En Construccion ere badabil hor); edo Eulalia Abaituaren argazkietatik barrena murgiltzen ari dela, Angelopoulosen Ulisesen begirada (To Vlemma tou Odyssea, 1995) gogoratzen du. Eskandinaviar lurralde hotzetara iristean, hango iruditeriak Lars von Trierengan du isla, baina berriz ere ertzetatik bidaiatzen du zuzendari bizkaitarrak eta daniarraren filmen inguruko erakusketa baten objektu eta attrezzoarekin (berriz ere zeharkako begirada) iparreko arnasa jasotzen dugu.
Lurralde hotzak filmean irudiak askotan paisaiak erakusten dizkigu, eta guk ez genituzke hutsik ikusi behar, jendeak modu batean edo bestean betetzen baititu. Batzuetan eremuan agertzen direlako, eta bestetan, euren aztarnak sumatzen ditugulako. Hasierako aipuari jarraituz, bidaiaren lehen urratsak helmugara iristea laguntzen gaitu, baina gure urratsek bidean oinatzak utzi dituztela gogoratu beharko genuke. Eta filmaren bukaera ederrak adierazten digun bezala, hemen garrantzitsuena, bizitza da. Eta bizitzea.