Eragile ugarik egin dute Korrikaren aldeko klika Donostian
Bihar, apirilaren 4an hasiko da 21. Korrika Garesen, eta apirilaren 14ra arte lekukoa eskuz esku eta kilometroz kilometro eramango dute Euskal Herriko hamaika txokotara. Donostiara Lasartetik iritsiko da lekukoa apirilaren 12an, eta Pasaiatik irtengo da. Guztira, 42 kilometroko ibilbidea egingo du Korrikak gure hirian, eta 115 eragile, enpresa, talde, zein norbanakok egin dute ekarpena, kilometroak erosiz.
Klika da aurtengo leloa, eta euskararen fase berri bat irudikatu nahi du. Azken finean, Klika egitea aukera bat hartzea da, euskararen aldeko hautua egitea. Euskararekiko konpromisoa hartzea esan nahi du, eta gurean, konprometitu den horietako bat da Donostiako Piraten mugimendua.
Donostiako Piratak
Orain lau urteko eredutik abiatuta, Pirata Bihurrien kofradiako haur batek eta Xelebre kofradiako “beterano” batek jasoko dute 21.Korrikaren lekukoa, gure espazioa den Kaian, noski. Uste dugu irudi oso sinbolikoa dela, eta aproposa Donostiako Piratak gazte mugimendu bat baino askoz gehiago garela irudikatzeko.
Donostiako Piratak, jai herrikoi parte-hartzaile, askatzaile, feminista eta EUSKALDUNEN aldeko mugimendua gara. Gurea sentitzen ez genuen Donostia batean eragiteko jaio ginen, beste gauza askoren artean, herri euskaldun batean bizi ahal izateko. Hamasei urte daramagu horren alde arraunean, eta, noski, bidea euskaraz jorratzen dugu.
Gure balore edo helburuen artean dago Donostia euskaldun batean bizitzeko testuingurua sortzea, eta uste dugu Korrika bezalako ekimenak, hizkuntzari ikusgarritasuna emateaz gainera, sekulako bizigarria direla horren alde dihardugunon grina eta motibazioa indartsu mantentzeko. Aurtengoa hirugarren aldia izango da gure kilometroa erosiz parte hartuko dugula.
Korrikarekin nolabaiteko antzekotasuna duen eragile bat gara, herri mugimendutik klika eragitea bultzatu nahi dugu guk ere. Donostiako Piratak ez dira ulertzen euskararik gabe, eta horren aldarrikapena egitea da gure ardura.
IRUTXULOKO HITZAk 21. Korrikari ekarpena egin dioten hainbat agenterekin hitz egin du, eta Korrikara batzeko arrazoien inguruan galdetu diegu: Axuri Beltza kultur elkartea, Ikatz kaleko tabernak, Reala, Amassorrain ikastola, Dbuseko langileak, Atxiporra taldea eta Antiguaotarrak kontsumo taldea. Ostiraleko astekarian egongo da irakurgai erreportaje osoa.