First Models agentziako zuzendaria Kote Cabezudo kasuan auzipetu dute
El Confidencial Digital hedabideak argitaratutako informazioaren arabera, Kote Cabezudo kasua epaitzen ari den Donostiako hirugarren instrukzio epaitegiak Iñigo Olasagasti auzipetu du, eta First Models agentziako zuzendariak epailearen aurrean deklaratu beharko du ostiral goizean. Kasuarekin lotura zuzena duen iturri batek informazio hori berretsi egin dio IRUTXULOKO HITZAri.
Donostiako modelo agentziak urtetan zehar egin zuen lan adingabeen aurkako sexu abusuak egotzita auzipetua izan den Kote Cabezudorekin. Kasua publikoki azaleratu zenean, berriz, Olasagastik adierazi zuen bere agentziak urte asko zeramatzala argazkilariarekin lanik egin gabe. Orain, ordea, kasua daraman epailearen ustez, badira arrazoiak Olasagastik Cabezudok grabaturiko material pornografikoaren zabalketan lagundu zuela pentsatzeko.
Maiatzean urtebete beteko da epaileak Kote Cabezudo behin-behinean espetxeratu zuenetik. Joan den otsailean, epaileak lehen sententzia ezarri zion bi urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorrarekin, bere aurka deklaratzera zihoan biktima bat mehatxatzeagatik. IRUTXULOKO HITZAk gaiaren inguruko erreportaje zabala argitaratu zuen egun gutxira, kasuaren nondik norako nagusiak zeintzuk ziren azaltzeko.