Francisco Arratibel, Jose Maria Elizegi eta Gladys del Estal gogora ekarriko ditu 'Adiorik gabe' ekitaldiak

2016ko Europako Kultur Hiriburutzan bultzatutako proiektuetako bat izan zen Adiorik gabe, indarkeriaren biktimak oroitarazteko eta omentzeko espazioak sustatzeko asmoz. Aurten Francisco Arratibel Fuentes, Jose Maria Elizegi Diez eta Gladys del Estal Ferreño izango ditu gogoan ekitaldiak. Haien bizitzak eta memoria oroituko dituzte irudikapen artistikoaren bidez. Apirilaren 6an, larunbatean, 18:00etan izango da emanaldia, Antzoki Zaharrean. Gonbidapenak adiorikgabe@donostia.eus edo 943 481975 telefonoan erreserbatu behar dira.
ETAk hil zuen Jose Maria Elizegi txoferra, 1976ko urrian. Donostiako Udalak duela gutxi jarri du haren omenezko plaka bat, Askatasunaren hiribidean, tiroz hil zuten tokian. Gipuzkoako Foru Aldundiko lehendakari Juan Maria Araluce eta hiru bizkarzain ere hil zituen atentatuan.
Gladys del Estal kimika ikaslea Caracasen (Venezuela) jaio zen, haren familia han erbesteratu baitzen, baina Egian bizi zen. 1979ko ekainean hil zuten Tuteran, nuklearren aurka egindako protesta batean, guardi zibil batek tiro egin ondoren.
Francisco Arratibel tolosarra, Donostiako bizilaguna, ETAk hil zuen 1997an, Tolosako inauterietan, haren 12 urteko semearen aurrean.
Koldo Almandoz zinemagilea, Aiert Beobide dantzaria, Olatz Beobide ekoizlea eta Juantxo Zeberio musikaria arduratuko dira aurtengo Adiorik gabe ekitaldiko zuzendaritza artistikoaz.
Aurretik ere indarkeriaren biktima izan diren hainbat lagunen memoria bildu dute egitasmo honetan: Ramon Diaz Garcia, Francisco Javier Gomez Elosegi, Marijose Bravo del Valle, Angel Jesus Mota Iglesias, Tomas Alba Irazusta, Enrique Casas Vila, Jeronimo Vera, Aureliano Calvo Val, Juan Manuel Garcia Cordero, Mikel Zabalza Garate, Garrido-Velasco familia eta Eugenio Olaziregi Borda familia.