Teknologiaren bidez euskaraz komunikatu ahal izateko auzolan digitala abian jarri dute
Egun erabiltzen ditugun gailuak –sakelako telefonoak, ordenagailuak, telebistak, eta abar– hizketaren bidez erabiltzea oso arrunta da, baina oraindik orain, gailuei erdaraz hitz egitea ezinbestekoa izaten da. Eta hori aldatzeko, euskaldunek teknologia euskaraz erabiltzeko, Common Voice auzolan digitala jarri dute martxan.
Erronka bati helduko diote: euskarazko ahotsez osatutako 10.000 ordu grabaketa lortzea. Etxetik egin daitekeen arren, ikusgarritasuna lortzeko, eta azkarrago aurreratzeko xedearekin, hainbat maratoi antolatuko dira Euskal Herria osoan zehar.
Apirilaren 9an, asteartean, Iametza Interaktiboak eta Hirikilabs Tabakalerako kultura digital eta teknologia laborategiak antolatuta, euskaldunak batu eta urrats handiagoa emateko maratoia egingo dute. Horretarako, dei egiten diote euskaldun orori bertan parte hartzera, 18:00etan, Hirikilabsen (Tabakalera, 3. solairua). Bertan, euskarazko grabaketak nola egin azalduko dute, eta komunitatean egingo dira grabaketak.
Pertsona mota askotarikoak behar dira, genero, adin eta zonalde desberdinetakoak. Nahiz eta Common Voice egitasmoa sustatzeko maratoi hau egin den, edozein ordutan eta edozein lekutik har daiteke parte, edozein gailurekin.
Parte hartzeko, nahikoa da sakelako telefonoa erabiltzea. Honako hauek dira jarraitu beharreko pausoak:
1. https://voice.mozilla.org/eu ireki nabigatzaile batekin.
2.”Hitz egin” aukera sakatu.
3. Irakurri ozen agertzen diren esaldiak, jarraibideak kontuan hartuz.
Dagoeneko egin diren grabaketak balioztatzen ere lagun daiteke. Horretarako, ‘Entzun’ sakatu beharra dago eta argibideei jarraitu. Oso erraza da eta ordenagailu batetik zein sakelako telefonotik egin daiteke. Hori bai, leku isil batean grabatzea gomendatzen da, grabaketek kalitate ona izan dezaten.
Teknologia eta hizkuntza gutxituak
Teknologia enpresa handiek, hizketaren ezagutzarako motorrak sortu dituzte: Google Assistant, Apple Siri, Microsoft Cortana edo Amazon Alexa, esaterako. Sistema horiek enpresa horien kontrolpean daudenez, etekin ekonomikoak lehenesten dituzte eta ondorioz, ahalik eta dialekto eta hizkuntza gutxien ezagutzeko prestatzen dira; lurralde batean zabaltzeko ezinbestekoak direnak besterik ez.
Beraz, laster telebista, sakelako telefono eta beste tramankulu batzuk hizketaren bidez erabiltzea gauzarik erosoena eta arruntena bihurtuko dela badirudi ere, euskaldunok gailuei erdaraz mintzatu behar izaten diegu: frantsesez, gaztelaniaz edo ingelesez.
Testu-interfazeak euskarara itzultzea lan handia ez bada ere, oso enpresa gutxik egiten dute. Ahots-interfazeek eskatzen duten lana askoz handiagoa da eta horregatik beharrezkoa da euskal hiztunen konpromisoa.
Mozilla Fundazioak egoera horri aurre egiteko software librean oinarritutako ekimen bat jarri du martxan, Common Voice izenekoa. Besteak beste, Firefox nabigatzaile librea garatzen duen fundazio indartsu horrek, hizketaren ezagutzarako motor libre bat garatuko du ikasketa automatikoa baliatuz (adimen artifizial mota bat).
Euskararekin batera, beste 20 hizkuntza ari dira ahots grabaketak biltzen (ingelesa, alemana, frantsesa, gaztelania, katalana, pertsiera…) eta 70 hizkuntza gehiago grabaketak egin ahal izateko prestaketetan dabiltza (txinera, georgiera, japoniera, suomiera, maldivera, telugua…).