Udaran zehar Saharako haurrak jasotzeko bilera informatiboa egingo dute bihar udaletxean
Saharako haurrak udaran zehar Euskal Herrira ekartzen laguntzen duen Oporrak Bakean egitasmoari buruzko bilera informatiboa egingo dute bihar udaletxean. Proiektuaren antolatzailek 300 haur ekartzeko helburua finkatu dute aurten, eta hori bete ahal izateko, Donostian hamabost harrera familia lortu beharko dituztela aurreikusi dute. Iaz, Donostiako familiek 23 haur jaso zituzten, eta bide beretik jarraitzeko helburuarekin egingo dute biharko bilera, 18:00etan, udalbatzar aretoan.
Aurten 33. urtez egingo den egitasmoaren bitartez, Tindoufeko (Aljeria) errefuxiatu kanpamentuetan bizi diren 10 eta 12 urte bitarteko saharar haurrei harrera egiten zaie, euren herrialdean dituzten bizi-baldintza gogorrak arintzen laguntzeko asmoz. Hemen diren bitartean, mediku azterketak egiten dizkiete, denetarik jaten dute eta ingurune berriak ezagutzen dituzte.
Programa SEADen Lagunen Elkarteak, Fronte Polisarioak eta Donostiako Udalak antolatzen dute, eta bertan parte hartu nahi duten familia euskaldunek apirilaren 15era bitarte egin dezakete euren eskaria. Izen ematerako informazioa 943481983 deituz edo oporrakbakean@donostia.eus helbidera idatziz eskuratu dezakete.