Aitziber Otegi: "Jendea oso gogotsu dago"
Apirilaren 12an sartuko da Donostian 21. Korrika. Lasartetik iritsiko da lekukoa Gipuzkoako hiriburura, eta Pasaiatik irtengo da. Aitziber Otegi AEK-ko langilea da, eta bera ibili da azken hilabeteetan Donostian Korrikak izango duen egiturari forma ematen. Euskararen aldeko egitasmoak hirian izango dituen ezaugarriak azaldu dizkigu.
‘Klika’ da aurtengo leloa. Zer esan nahi du?
Leloak beti izaten du mezu bat atzean. Aurtengoa Klika da, eta irudikatu nahi izan dugu euskararen aldeko hautu bat egitea, euskararen alde klika egitea, azken finean. Euskararen mundura hurbildu eta murgiltzeko erabaki bat egitea da klika egitea. Ordenagailuaren saguarekin klika egiten dugunean, zerbait aukeratzen dugu, erabaki bat hartzen ari gara. Nolabait jendea bultzatu nahi dugu euskararen aldeko hautua egitera, eta konpromisoak hartzera.
Aurten, iaz ez bezala, Lasartetik sartuko da Korrika. Zein da egingo duen ibilbidea?
Lasartetik sartuko da Korrika, eta Hazi fundazioak – Landa, Itsasertz eta Elikagaien Sustapenerako fundazioa – hartuko du lekukoa. Errekaldeko biribilgunean jasoko dute lekukoa Hazikoek, 16:28an. Guztira 42 kilometro egingo ditugu Donostian barrena, eta 115 lekuko aldaketa egongo dira, hau da, 115 eragile, enpresa, edo norbanakok erosi dute kilometroa aurten. Pena da, baina Korrikaren ibilbidea ez da auzo guztietatik pasako; aurten, 11 auzotatik igaroko da lasterketa. Auzo guztietara iristea konplikatua da. Esaterako, Morlansen sarrera eta irteera toki beretik egiten denez, logistika aldetik zaila da, eta asko luza daiteke ibilbidea. Gainera, askotan zailtasunak egoten dira kilometroak jendez betetzeko.
Añorgatik Antiguara joango da Korrika, eta handik Erdialdera joango da, 17:15ean. Ondoren, Grosera abiatuko da 17:29an, eta gero, Parte Zaharreko kaleetara sartuko da 17:57an. Ateratzean Erdialdeko hainbat kaletan barneratuko da berriro ere 18:11n, eta Amararantz joko du 18:18an. Amaratik igaro ostean, Amara Berrira joko du, eta 18:46ean Loiolako Erriberan sartuko da. Loiola eta Martutene auzoetatik igaroko da Korrika 18:53an, eta Egiara joango da 19:35ean. Aldapan gora ibiltzea tokatuko zaie korrikalariei, Egiatik Intxaurrondora joateko; auzoan sartuko dira 20:03an. Handik ekialdera abiatuko dira herritarrak, eta 20:31ean iritsiko dira Altzara.
Une horretan, Korrika Donostiatik irtengo da momentu batez, izan ere, Altzako gazteek Pasai Antxokoei emango diete lekukoa, eta hainbat kilometro egingo ditu handik. Jarraian berriro sartuko da hiriburura, hain zuzen, Bidebietan egingo ditu azken kilometroak, hirian lekukoa azken aldiz jasoz. Eltzegor Bidebietako euskal kultur elkarteak pasako die lekukoa Pasaiakoei, 21:31ean, Trintxerpeko biribilgunean.
Lekuko eramaile gehiago egongo dira aurten, gutxi gorabehera 20 edo 30 bat inguru gehiago. Duela bi urte kilometroak erosi zituzten guztiek errepikatu dute, eta aurten kilometro gehiago egingo ditugu iaz baino.
Korrika Txikiek ere garrantzia handia dute hirian, zenbat antolatu dituzte aurten?
Hamasei Korrika Txiki egongo dira aurten, eta 34 eskola eta ikastolak antolatutakoak. Guztira, 7.500 haur inguru aterako dira korrika Korrika Txiki horietan. Gainera, Korrikaren inguruko bi asteburuetan jarduera ugari antolatu dituzte auzoetan, apirilaren 6ko astebururako, zein apirilaren 13ko astebururako.
Eta nola da auzoetako Korriken antolakuntza?
Aurten gutxi gorabehera aurreko urteetan bezala egin ditugu Korrika prestatzeko aurreko lanak. Normalean auzoetako euskara batzordeekin elkartzen gara auzoz auzokoak antolatzeko, eta aurten ere horrela egin dugu. Beste urte batzuekin alderatuta, aldaketa nabaritu dugu, izan ere, Euskaraldiaren harira jarduerak antolatzeko auzotarrak elkartu ziren, eta batzorde gehiago sortu dira auzoetan. Egia esan, ia auzo guztietan dago Korrikaren antolakuntzaz arduratzen den batzorde bat. Hasieran bilera egiten dugu haiekin eta ondoren, posta elektroniko bidez komunikatzen gara. Batzordeek jarduerak eta egitaraua prestatzen dute, eta guk materiala eta baliabideak ematen dizkiegu.
Badira urte asko daramatzaten batzordeak, eta Korrika urtetan antolatu dutenak, eta horietako batzuk oso independenteak dira, esaterako batzuk auzoko kilometro guztiak haiek saltzen dituzte. Ederra da haiekin lan egitea. Gainera, haiengatik izango ez balitz, ez genuke izango indarrik auzo guztietara iristeko. Auzo bakoitzeko AEK-ko euskaltegien artean ere lana eta ardurak banatzen ditugu.
Orduan, Euskaraldiak eragina izan duela uste duzu? Nabaritu duzue jende gehiago mugitu dela Korrikarako?
Bai, esan bezala, nik uste dut eragina izan duela, nolabaiteko bultzadatxo bat eman dio mugimenduari. Gainera, jendeak euskararen aldeko aldarrikapenak presenteago dituela iruditzen zait. Adibidez, dendan normalean baino lehenago hasi da jendea materiala erosten. Abendu hasieran irekitzen dugu eta neguko oporretan salmentak asko igotzen dira, baina aurten hasieratik izan ditugu oso emaitza onak. Jendea oso gogotsu dago. Era berean, aipatu bezala auzoetan ikusi dut nik eragin gehiena; Euskaraldia antolatzeko sortu zituzten batzordeek mantendu egin dituztelako gaur egun arte orduan sortu zituzten dinamikak. Horiek izan dira Korrika antolatzeko ardura hartu dutenak, eta hori oso pozgarria da. Era berean, Korrikarekin bat egin duten enpresa kopuruan ere aldea ikusi dut. Alde batetik, kilometroa erosi dutenak hazi egin dira, eta publizitatea eta ekarpenak egiterako orduan, iruditzen zait gehiago izan dira inplikatu direnak.
Hala ere, nik uste dut benetan eragina nabarituko dugula antolatu ditugun jardueretako emaitzak ikustean, eta apirilaren 12an, Korrika Donostiatik pasatzen denean; orduan ikusiko dugu nolakoa izango den jendearen erantzuna.
21. Korrika, datutan
- 115 lekuko. Guztira, horiek izan dira Donostian kilometro bat erosi duten talde, enpresa, eragile, zein norbanakoak. Hortaz, 115 aldiz pasatuko diote elkarri lekukoa hirian zehar.
- 11 auzo. Donostiako 11 auzotatik pasako da 21. Korrika.
- 42 kilometro. Horiek dira Korrikaren ibilbideak hirian zehar egingo dituen kilometroak.
- 16 Korrika Txiki. Korrika Txikiak egingo dira hiriko hamaika txokotan; guztira, 16.
- 7.500 haur eta gazte. Hirian egingo diren Korrika Txikietan 7.500 haur eta gazte inguruk parte hartuko dute.
- 34 eskola eta ikastola. Korrika Txikietan parte hartuko dute 34 eskola eta ikastolak.