Drogak, armak eta dirua atzeman ditu Udaltzaingoak, Amara Berrin egindako operazio batean
Donostiako Udaltzaingoak bi pertsona atxilotu ditu Amara Berriko Sahats plazan, osasunaren aurkako delitua egotzita.
Donostiako Udalak bidalitako oharraren arabera, azken hilabeteetan Udaltzaingoak Sahats plazan zaintza lanak areagotu ditu, “auzotarren kezkei erantzunez, bertan gertatzen ziren hainbat jarrera direla-eta”. Hiri-segurtasuneko zinegotzi Martin Ibabek azaldu du azken asteetan, zaintza lana horiek egiten ari zirela, udaltzainek ikusi zutela droga kontsumoarekin lotura dituzten hainbat jarrera susmagarri, eta ondorioz, ikertzen hasi zirela.
Ibabek azaldu duenez, ikerketan zehar, udaltzainek plazan bertan dagoen lokal batean hainbat sarrera eta irteera susmagarri ikusi zituzten, eta bi pertsona identifikatzeari ekin zioten. Pertsona horiei estasia eta, antza denez, substantzia horren salerosketatik ateratako diru-kopuru bat ere antzeman zieten.
Lokalaren miaketan droga substantzia gehiago atzeman dira, eta zehatzago segidakoak: 173 estasia pilula, 145 gramo speed, 3 gramo kokaina, 90 gramo haxix, baita droga substantzia horiek manipulatzeko eta mozteko materiala ere. Gainera, Udaltzaingoak lokalean topatu ditu, ateak irekitzeko hainbat tresna, hainbat arma eta munizio.
Identifikatutako bi pertsona atxilotuak izan dira osasunaren aurkako eta armak legez kanpo edukitzearen delituak direla eta, eta epailearen esku gelditu dira.