Emakumeen izenak dituzten kaleak jaso dituzte mapa batean
“Donostian oso emakume izen gutxi daude kale izendegian, eta, gainera, gehienak errege-erreginen familia eta ahaideak dira edo erlijioari lotutakoak”. Baieztapen horri helduta, hiriko kale izendegian dagoen emakume gabezia ikustarazteko mapa bat sortu du Donostiako Emakumeak eta Hiria Foroak. Egitasmoa EHUko Emakume eta Gizonen berdintasunaren gaineko Masterraren praktika batzuetatik sortu zen, Donostiako Emakumeen Etxea elkartean egindakoak.
Kaleei, plazei eta abarri izena ematen dieten emakumeei buruzko informazioa zabaltzea da maparen helburu nagusia. “Leku horietatik igarotzen den jende askok ez daki nortzuk izan ziren”, azaldu dute sortzaileek. Dagoen gabezia agerian uzteaz gain, emakume horien bizitzak ezagutarazi eta historikoki garrantzitsuak izan diren emakumeei aitortza egitea da xedea.
Webgune batean argitaratu dute mapa, eta adierazle bakoitzaren gainean klik eginez gero, emakume bakoitzaren inguruko informazioa irakurri daiteke. Wikipedian sarrera duten emakumeei dagokien loturetara daramate, hain zuzen, eta horrek bi funtzio ditu: batetik, informazio gehigarria eman eta, bestetik, entziklopedia dagoen genero-arrakalari buruz kontzientziatzea. Izan ere, emakume editoreen nahiz emakumeei buruzko artikulu eta biografien ehunekoak oso baxuak dira. Testuen iturriak Wikipedia, San Telmo museoa, Donostiako Udaleko kale izendegia eta Auñamendi Eusko Entziklopedia dira.
Donostiako kale izendegian dagoen emakume gabezia ikustarazteko mapa bat sortu dute@DSSEmakumeenEtx #DonostiaFeminista https://t.co/jJj5mAStjq
— Irati Salsamendi (@IratiSalsamendi) April 5, 2019