"G7aren aurka egin dezakegun guztia gutxi da"
Donostiako G7 Ez! plataformak mahai ingurua egin zuen ostegunean Bulebarrean, Miarritzen abuztuan egingo den bilkura zer den azaldu eta herritarren erantzuna nola antolatu daitekeen aztertzeko.
Abuztuaren 24tik eta 26ra bitarte, G7a osatzen duten herrialdeek (Alemania, AEB, Erresuma Batua, Frantzia, Italia, Kanada, Italia eta Japonia) euren urteroko gailurra egingo dute Miarritzen. Mendebaldearen botere hegemonikoaren ikur, aurten herrialdeen arteko desparekotasuna gai nagusitzat izango duen bilkurak protesta ugari eragin izan ditu han eta hemen, gehien bat kapitalismoaren aurkako mugimenduen partetik.
Gailurra Lapurdiko hirian egingo zela jakin bezain laster, Euskal Herriko hainbat eragilek erantzun herritarra antolatzeari ekin zioten. Hortik jaio zen G7 Ez! plataforma, Ipar eta Hego Euskal Herriko 36 alderdi, sindikatu eta eragile sozial biltzen dituen taldea. Atzo, plataforma indartzeko Donostian sortu den taldeak mahai ingurua egin zuen Bulebarrean, G7a zer den azaldu eta herritarren erantzuna nola antolatu daitekeen aztertzeko. Solasaldiak bi gonbidatu izan zituen: Dominica Bortairou, G7 Ez! plataformako kidea, eta Gonzalo Fernandez, Latinoamerikako multinazionalak aztertzen dituen OMAL behatokiko langilea.
Munduko botere indartsuenei aurre egiteko herritarrek dituzten aukerengatik galdetuta, bi adituak bat etorri ziren ideia berarekin: “G7aren aurka egin dezakegun guztia gutxi da”. Izan ere, abuztuan Miarritzen erabakiko dena “21. mendeko kapitalismoaren bide-orria” izango dela zehaztu zuen Fernandezek, estatuek ezartzen ditzaketen trabak baztertuz, enpresen gobernu bat ezartzea bilatuko duena.
Helburu horren barruan kokatu zuen OMALeko adituak nazioartean azkenaldian ematen ari diren akordio komertzialen bolada (TTIP, CETA, TISA…). Bere eta Bortairuren ustez, Miarritzen egingo den G7aren gailurraren “ezkutuko agendak” logika neoliberalen hedatze globala du oinarri, eta ez publikoki aditzera eman den asmoa: terrorismoaren eta desparekotasunaren aurkako borroka bateratua, alegia.
Egoera horren aurrean, G7 Ez! plataformaren hiru helburuak zeintzuk diren azaldu zuen Bortairuk. Batetik, Euskal Herriko populazioa mobilizatu nahi dute, pedagogia eginez eta etorkizuneko alternatibei begira. Bestetik, bestelako alternatiba horiek ezagutzera eman nahi dituzte, G7aren bilkurarekiko paraleloa izango den gailur alternatibo baten bidez. Hirugarren helburu gisa, berriz, G7a bera bertan behera uzten saiatzea erabaki dute.
Ezarri duten erronka eginkizun zaila dela argi dute, ordea, plataformako kideek. Izan ere, gailurrak iraungo dituen egunetarako, Miarritzen 15.000 polizia izango direla aurreikusten dute: “Jaka horien aurkako errepresioa ikusita, G7aren bilkuran topatuko dugunaren ideia bat egin dezakegu”.
Gainera, bilkurak iraun bitartean, Miarritzera sartzea debekatua egongo dela nabarmendu zuen Bortairuk: “Soilik bertako bizilagunak sartu ahal izango dira 50 kilometroko erradioa izango duen perimetrora”. Hori dela eta, Miarritzen eta Baionan mobilizatzea ezinezkoa izango dela adierazi zuen plataformako kideak, horrek geldiaraziko ez dituela azpimarratuz. Hain zuzen, debekua ezarri baino lehen, uztailaren 13an Miarritzen manifestazio masibo bat egingo dutela iragarri zuen Bortairuk, eta abuztuan protesta egiteko bestelako kokapenak aztertzen ari direla gaineratu zuen.
Epe laburrera, aldiz, Donostiako G7 Ez! taldeak hainbat ekitaldi antolatu ditu datozen egunetarako. Esaterako, igandean zineforuma egingo dute Kijera gaztetxean, 19:00etan, Diaz: no limpieis esta sangre filmaren proiekzioarekin. Apirilaren 13an, berriz, G7aren aurkako jaialdia egingo dute Intxaurrondoko Letaman gaztetxean, eta aste batzuk barru hirian manifestazio jendetsu bat egiteko asmoa dutela adierazi dute plataformako kideek.