Klika da konpromisoa
Euskararen fase berri bat irudikatu nahi du 21. Korrikak: akzioarena eta konpromisoarena. Azken finean, Klika egitea aukera bat hartzea da, euskararen aldeko hautua egitea. Konpromisoak hartzeko garaia da, eta Donostian, 115 eragilek eta milaka herritarrek egin dute klika gure hizkuntzaren alde. Horietako batzuek euren konpromisoak azaldu dizkigute.
Axuri Beltza kultur elkartea
ERDIALDEA / GROS
«Korrika bukatzean, gure konpromisoarekin jarraituko dugu, euskara delako gure aukera, gure erabakia eta gure eskubidea».
Axuri Beltza dantza taldeak kilometro eta erdi erosi du. Lehenengo zatian Axuri Beltzako idazkariak eta diruzainak eramango dute lekukoa. Bigarrenean, Zuhaizti eta Zubiri-Manteoko eskolako guraso elkarteko lehendakariek eramango dute. Lekukoa Gernikako Arbolaren pasealekuaren eta Maria Kristina zubiaren arteko bidegurutzean hartuko dugu, eta Erronda kalearen eta Mirakruz kalearen arteko bidegurutzean utziko dugu, han Zuhaizti eskolari pasako diogu lekukoa.
Gure artean euskaraz komunikatzen gara, eta euskararekiko dugun konpromisoa 365 egunekoa da. Hau da, gure egunerokoan euskaraz hitz egiteko konpromisoa hartu dugu. Korrikan parte hartuko dugun bigarren aldia da, eta parte hartzea erabaki dugu euskarak merezi duelako. Era berean, AEKri laguntza eman nahi diogulako. AEKren egoera kalera atera behar dela uste dugu, eta euskaldun berriak animatu nahi ditugu, bultzada bat eman nahi diegu. Bakarrik ez daudela adieraztea da gure asmoa.
Aurtengo Korrika amaitzean, orain arte bezala, gure konpromisoarekin jarraituko dugu, euskara delako gure aukera, gure erabakia eta gure eskubidea.
Ikatz kaleko tabernak
PARTE ZAHARRA
«Gure tabernetan gure hizkuntzaren presentzia ezinbestekotzat jo izan dugu betidanik».
Gure kilometroa Parte Zaharreko Ikatz kaleko 10 tabernaren artean hartu dugu. Aurtengo Korrikan parte hartzeko erabakia hartuta geneukan aspalditik, eta egitasmoan parte hartuko dugun lehen aldia izango da.
Gure tabernetan, gure hizkuntzaren presentzia ezinbestekotzat jo izan dugu betidanik, eta aukera hau ez genuen galdu nahi. Gure ekarpen xumea egin nahi izan diogu euskararen aldeko borrokari.
Lekukoari dagokionez, oraindik ez dugu zehaztu zeinek eramango duen. Nahi dugu zerbait zabala eta parte hartzailea egin. Bezeroen inplikazioa bilatzeko asmoz, taberna bakoitzean zerrenda bat jarriko dugu boluntarioek izena eman dezaten, eta nahi duenak ekarpenak egiteko. Ondoren, zozketa herrikoia egingo dugu eta hiru pertsona izango dira irabazleak; pertsona horiek izango dira lekukoa eramango dutenak.
Oso kilometro koloretsu eta anitza izatea nahi dugu. Horretarako, kalea apainduko dugu. Era berean, kalea girotzeko gauzak egingo ditugula bermatu nahi dugu, eta tabernariok Tasaund System DJ-ekin musika saioa antolatu dugu.
Honakoak dira 21. Korrikan parte hartuko duten Ikatz kaleko hamar tabernak: Belea, Aurresku, Larra, Ilargi, Urka, Belfast, Urraki, Herria, Suhazi eta Perku.
Reala
DONOSTIA
«Aspaldi hasi ginen Korrikan parte hartzen, eta euskara gu guztion hizkuntza dela sentitzen dugulako egiten dugu bat egitasmoarekin».
Gure kilometroan lekukoa nork eramango duen oraindik ez dugu erabaki, baina aurreratu dezakegu aurpegi ezaguna izango dela guztiontzat. Anoeta Estadioaren aurrean egingo dugu korrika, han hartu baitugu kilometroa, eta Realeko Bultzada taldeak emango digu lekukoa.
Guk urteak daramatzagu euskara plana lantzen Euskara Batzordearen bitartez, eta ondorioz, Realaren hizkuntza irizpideak finkatuta ditugu. Guk garbi daukagu Realarekin euskaraz erlazionatu nahi duen edozeini aukera hori bermatu behar diogula, eta horretan gabiltza. Baieztatu dezakegu euskarak bere lekua duela gure egunerokoan.
Aspaldi hasi ginen Korrikan parte hartzen. Urte asko dira dagoeneko. Euskara gu guztion hizkuntza dela sentitzen dugulako egiten dugu bat egitasmoarekin, eta uste dugu oraindik gu guztion bultzada eta babesa behar duela euskarak. Gainera, Korrikak ondo islatzen du Realak euskararekin duen konpromisoa. Gure esparrua Reala izanda, esparru kolektiboa da zuzenean, eta hortik euskararen geroa bermatzeko lagungarriak izango diren konpromisoak hartu eta jendartearekin partekatu nahi ditugu.
Amassorrain Ikastola
AÑORGA
«Auzoak epe motzean izango duen aldaketa kontuan harturik, euskararen aldeko kontzientzia hartzea garrantzitsua da».
Gure kilometroa Amassorrain Ikastolako gurasoek hartuko dute Añorgako klubarekin batera. Añorgako autobus geltokitik Añorga Txikirantz doan zatian dago gure kilometro banatua. Lekukoa hartuko duten gure eskolako ikasleak 6. mailako Olaia eta 5. mailako Amets izango dira. 16:30 aldera iritsiko da Korrika Añorgara, eta oso egun berezia izango da.
Goizean hirugarren ziklokoek, Korrikaren bideoklipeko koreografia erakutsiko digute, eta Korrika Txikia egingo dugu. Eskola ordutegia ere motza izango da oporren bezpera delako, eta gurasoek jolasak, jarduerak, eta abar antolatu dituzte bazkaldu ondoren, festarekin jarraitu eta Korrika handiari itxaroteko.
Donostiako beste eskola eta auzo batzuk ikusita, euskaldunak garela esaten du jendeak. Euskara da eskolan gehien entzuten den hizkuntza. Kalean, gehienak euskaldunak izan arren, lehen baino gutxiago entzuten dela esango nuke. Gainera, auzoak epe motzean izango duen aldaketa kontuan harturik, euskararen aldeko kontzientzia hartzea oso garrantzitsua izango da, haurren aurrean eredu izan eta Añorga euskalduna mantendu eta hobekuntzak emateko.
Atxiporra taldea
ANTIGUA
«Gure taldean euskaraz egiten dugu, baina ez beti. Halere, taldeko ‘belarriprest’ batzuk ‘ahobizi’ izateko bidean dira”.
Futbolak batu duen pertsona talde bat gara Atxiporra taldea. Oso talde heterogeneoa gara, eta askotariko jatorrietako pertsonek osatzen dugu: bizkaitarrek, gipuzkoarrek, nafarrek, arabarrek, eta abarrek. Bartzelonan ere badugu kideren bat. Orain bi urte Korrikan parte hartu genuen, eta aurten ere errepikatzea erabaki dugu.
Oraindik ez dugu zehaztu nork eramango duen lekukoa. Aurreko Korrikan Atxipetu lehendakariak eta biok [Xabi Aizpuru] eraman genuen, hortaz, aurten besteren batek izango du ardura hori. Kilometroa Donostiara iritsi aurretik hartu dugu, Errekalde eta Añorga artean.
Gure taldean euskaraz egiten dugu, baina ez beti. Egia esan, nahiko nik nahiko nukeena baino gutxiago. Halere, taldeko belarriprest batzuk, ahobizi izateko bidean dira, eta hori oso pozgarria da guretzat.
Esan bezala, bigarren urtea izango da lekukoa hartuko duguna, eta Korrikarekin bat egiteak euskara bultzatzeko balio duela pentsatzen dugu. Horregatik erabaki dugu berriz ere egitasmoan parte hartzea.
Dbuseko langileak
INTXAURRONDO
«Biltzen dugun diruarekin kilometro bat erosten dugu, eta soberan gelditzen denarekin Korrikako materiala».
Oraindik ez dakigu aurten nork eramango duen lekukoa. Aurreko Korrikan bi gidarik eraman zuten, eta beti saiatzen gara euskara ikasten ari den norbaitek edo ikasteko saiakera egin duen norbaitek eramatea.
Bosgarren edo seigarren aldia da Korrikan parte hartuko duguna, eta beti egiten duguna da gure lantokian mahai bat jarri hainbat egunetan, jendeak nahi duen ekarpen ekonomikoa egin dezan. Biltzen dugun diruarekin kilometro bat erosten dugu, eta soberan gelditzen denarekin Korrikako materiala erosten dugu. Afari edo bazkari bat egiten dugu langileok eta ekarpena egin dugun guztion artean zozketa bat egiten dugu, eskuratutako materiala zozketatzeko. Duela bi urte egin genuen bazkarira hiru bertsolari gonbidatu genituen, bertsoak kantatzera.
Aurtengo kilometroa Kotxeren alboko kalean hartu dugu. Han emango digute lekukoa eta handik Ategorrietaraino jaitsiko gara; uste dut Zulo Zahar elkartekoei pasako diegula lekukoa. Dbuseko langileok parte hartuko ditugu, baina senideek eta lagunek ere gurekin batera atera ohi dira.
Korrikan parte hartzea guretzat garrantzitsua da, gutako askok euskaraz bizi nahi dugulako, zaila izan arren.
Antiguaotarrak kontsumo taldea
ANTIGUA

Irudian, Olaizolatarrak. Itsaso Olaizola –ezkerretik lehenengoa– eta Elaudi Olaizola –ezkerretik laugarrena–. (Argazkia: Antiguaotarrak kontsumo taldea)
«Euskara tokikoa, garaikoa, eta ekologikoa da, eta gure kontsumo taldean hizkuntza-ekologistak ere bagara».
Egokitu zaigun kilometroa 2059a da, Antiguako Erregezain kalean. Kontsumo taldea sortu zenetik daramagu Korrikan parte hartzen, eta lekukoa eramateko irizpide desberdinak jarraitu ditugu. Gure kontsumo taldean parte hartzen duten ekoizleei esker ona azaltzeko balio izan digu batzuetan, eta baita kontsumo taldeko partaideei ere. Aurtengoan taldeko belaunaldi gazteari zabaldu diogu aukera, eta 12 urteko Elaudi Olaizolak eramango du lekukoa bere amarekin, Itsaso Olaizolarekin.
Hasiera hasieratik kontsumo taldean argi izan dugu euskaraz funtzionatuko genuela. Hori da gure artean komunikatzeko modu naturala, eta bai talde barneko komunikazioa eta baita kanpora begirakoa (sare sozialak, kartelak, jarduerak, eta abar) euskaraz egiten ditugu. Ekoizleak bilatzeko ere, ezinbestekoa ez bada ere, euskaraz komunikatu ahal izatea irizpide garrantzitsua da.
Gure kontsumo taldearen helburuen artean, elikadura burujabetzaren alde aritu eta bertako baserritarrei bulkada emateaz gain, beti egon da auzoko ekimen desberdinetan parte hartzea. Denok gara boluntarioak talde honetan eta beti ezin dugu nahi bezainbeste indar jarri arlo honetan, baina Korrikaren bitartez euskara babestu eta sustatzeko aukera baliatzea hasieratik izan dugu argi. Euskara, tokikoa, garaikoa eta ekologikoa da, eta gure kontsumo taldean, hizkuntza-ekologistak ere bagara.