Stop Kaleratzeak plataformak Santander bankua jarri du jomugan
Gaur goizean Askatasunaren Hiribideko Santander bankuaren aurrean egin dute protesta Stop Kaleratzeak plataformakoek. Haiekin batera, Txema, etxegabetze arriskuan dagoen herritarra, eta hainbat eragile eta erakundetako ordezkariak agertu dira, hala nola, Gipuzkoako Batzar Nagusietako EH Bildukoak, Irabazi Donostiakoak, Oiartzungo Gizarte Ongizateko EH Bilduko zinegotzia, eta ESK eta STEILAS sindikatuetakoak.
Plataformak Txema eta bere familiaren egoeraren berri eman du, eta Santander bankuan erreklamazio bat jarri dute, hiru exijentzia eskatzeko. Alde batetik, “Guindos dekretua” gisa ezagutzen dena eta horrek barnebiltzen duen Banku praktika egokien kodea betearaztea. Bestetik, Txema eta bere familiaren aldeko bost urteko karentzia sinatzea, abusuzko klausularik gabe. Eta azkenik, Probintzia Auzitegiak etendako etxegabetze demanda behin betiko kentzea.
Txema eta bere familiak alokairuko saltoki bat dute Donostian, eta krisiaren eraginez negozioak ez die nahikoa etekin eman azken urteetan. Familia Oiartzunen bizi da, eta saltokiaren etekin faltaren ondorioz etxearen hipotekaren zortzi kuota ordaindu ezinik aurkitu zuten euren burua. Horren aurrean, Santander bankuak Donostiako 4. epaitegian etxegabetze demanda bat jarri zuen 2017an. Agerraldian azaldu dutenez, demanda etenda dago une honetan Probintzia Auzitegian, behar baino lehenagoko epemugaren klausula abusiboa dela eta. Euskadiko auzitegietan etendako kasu ugari daudela azaldu dute, Europako Auzitegiak behar baino lehenagoko epemugaren klausula abusiboko kasuen inguruko epaia atera arte. Europako Auzitegiak dagoeneko aldeko epaia atera du, ondorioz, Probintzia Auzitegietan etenda dauden kasuen berraktibatzea espero dute, horien artean, Txemarena.
Stop Kaleratzeak plataformaren izenean hitz egin du Rosa Garciak, eta salatu du Santander bankuak Txema eta bere familiarekiko dituen betebeharrak ez dituela bete. Hain zuzen, Banku praktika egokien kodeak agintzen duenez, bost urteko karentzia eskaera egiteko aukera eskaini behar diete bankuek zaurgarritasun egoeran dauden herritarrei. “Santander bankuak soberan zekien Txema eta bere familiaren egoera zaurgarria zela, baina bankuek ez dute betetzen bezeroei neurri horien gaineko informazioa helarazteko duten obligazioa”, kritikatu du Garciak. “Santander: bete ezazu legea, eta ez ezazu burua ezkutatu”, exijitu dio bankuari aktibistak. “Nire etxean bizi naiz, baina ez dakit zer gertatuko den”, adierazi du kaltetuak. Joan den urteko udaran jarri zen harremanetan Stop Kaleratzeak plataformarekin, eta aitortu du “begiak ireki” dizkiotela, ez zekielako zer egin.
Maite Ortiz plataformako abokatuak gogorarazi du Banku praktika egokien kodeak bankuak derrigortzen dituela “kuota bakar baten ordainketa egiten ez badute”, bezeroak karentzia eskatzeko aukeraren inguruan informatzera. Gaineratu du banku guztiek urratzen dutela arau hori, eta azaldu du Stop Kaleratzeak plataforma ari dela beharra duten herritarrei karentzia eskaerak tramitatzeko beharrezkoak diren dokumentuak aurkezteko laguntza ematen. “Esan behar dugu emaitzak aldekoak izaten ari direla orokorrean”, gaineratu du.
Agerraldia amaitu ostean Santander bankuaren egoitzara sartu da Txema, plataformakoekin batera, erreklamazioa aurkeztera. Garciak jakinarazi du ez dutela amore emango, eta Santander bankuak erantzun ezean, Espainiako bankura joko dutela ohartarazi du. Era berean, gogorarazi du Donostia eta Gipuzkoako lurraldea “etxegabetzerik gabeko” gunea dela, eta erakunde publikoak interpelatu ditu: “Santander bankuak ez badu behar bezala erantzuten, bitarteko izateko konpromisoa hartu beharko dute”.