Topoaren obrek eragin dizkieten kalteak Goiari leporatu dizkiote Amarako bizilagunek
Giza Eskubideen Zinemaldiaren inaugurazio ekitaldian, Amarako hainbat bizilagunek protesta egin dute Viktoria Eugenia antzokiaren atarian, Topoaren igarobidearen obrek eragiten dizkieten kalteen harira. Beste pertsonaia ezagunen artean, Eneko Goia alkatea han izan da, eta antzokira sartzera joan denean, protestan ari ziren herritar batzuk agintariari hurbildu zaizkio, udal gobernuaren jarrera leporatzeko asmoz. Jendez inguraturik, alkateak eztabaida estua mantendu du auzotarrekin, protestan ari ziren gainerako herritarrek behin eta berriz “lo egin nahi dugu!” oihukatzen zuten bitartean.
Elkarretaratzean zehar banatu dituzten esku-orrietan protestaren zergatia azaldu dute: “Amarako bizilagun kaltetuek metroaren obrak gauetan gelditzeko eskatu eta udaletxearen erabateko utzikeria saltzen dugu”. Lanek eragindako zarata “jasanezina” dela argudiatu dute, eta osasunarekiko kalteak eragiten dituela.
Bizilagunen arazoak otsailaren 24an hasi omen ziren, lanak hasi zituztenean. Azaldu dute Osasuna, Amara Gaina eta Autonomia kaleetako hainbat etxebizitzetan eragindako zarata “izugarrien” ondorioz, ezinezkoa bihurtu dela bizilagunentzat etxean lo egitea eta gauetan atseden hartzea. Ohartarazi dute egora hori “kalte larriak” eragiten ari dela bizilagunen osasunean: lo-aldiaren alterazioak, neka, zefaleak, antsietate eta estres kasuak, eta abar. Lanean baja eskatu behar izan dutenak ere badira bizilagunen artean, baita zatika lo egin ahal izateko medikazioa hartu behar izan duenik ere. Bizilagun batzuek senide eta lagunen etxeetara joan behar izan dute batzuetan, lo egin ahal izateko.
Udalaren eta gainerako erakundeen jarrera kritikatu dute, “entzungorrarena” egiten ari direla argudiatuz. Bizilagunek eraikuntza lanak gauetan eteteko eskaerek eta duela egun batzuk 180 bizilagun kaltetuk izenpeturiko salaketek ez dutela inongo erantzunik jaso azaldu dute. Makinen zaratak udal ordenantzak zaraten inguruan adierazten duena urratzen duela salatu dute. “Donostiako Udaltzaingoa martxoaren 13az geroztik zaraten neurketak egin ahal izateko sonometrorik gabe” dabilela kritikatu dute. Era berean, bizilagunek ez dituzte ontzat ematen Euskal Trenbide Sareak egindako zarata neurketa urriak, “tunela zulatzen ari diren puntutik urrun, eta beraz, zarata gehien pairatzen duten etxebizitzetatik urrun egiten dituztelako”.