Txillardegiren klika ardatz
Txillardegik, bere garaian, klika egin zuen euskararekin, eta eredu hori jarraituz, jendeak ere klika egitea nahi du aurtengo Korrikak.
Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi (Antigua, 1929-2012) omenduko du 21. Korrikak, Euskara Batuaren sortzaileetako bat izan baitzen. Txillardegiren omenaldia aurkeztu zutenean, Asier Amondok, Korrikako arduradunak, hura omentzeko arrazoiak azpimarratu zuen: “Klika hiru aldiz egin zuen; lehenik gaztelaniatik euskarara pasa zenean, literatura modernoari egin zizkion ekarpenekin ondoren, eta azkenik, euskara batuari egindako ekarpenekin”. Lorea Agirrek, Jakin aldizkariko zuzendariak, “hizkuntzaren gainean desobedientzia” ekarri zuela gaineratu zuen .
Frankismoan, Txillardegiren gurasoek etxean euskaraz hitz egiteari utzi zioten, eta 1947ra arte ez zuen euskararik ikasi. Amarekin pixka bat ikasten hasi zen orduan, eta 1950ean, Martuteneko kartzelan sartu zutenean izan zuen benetako lehen esperientzia hizkuntzarekin, han zeuden euskaldunekin harremantzerakoan. Euskara ondo ez jakiteagatik bere herrian arrotz sentitzen zen, eta horregatik hartu zuen euskara ikasteko beharraren kontzientzia.
Hizkuntzaren batasunari egindako ekarpena da, seguru aski, Txillardegik euskal gizarteari utzitako gauzarik garrantzitsuena, aitzindaria izan baitzen euskara batuaren sorreran. Txillardegiren Klika dokumentalean azaltzen denez, lehenago euskara batuaren premiaren inguruan hitz egin bazuten ere, 1956. urtean Euskaltzaindiaren planteamenduak batasunetik urruti zeuden. Urte hartako Euskaltzaindiaren Arantzazuko Batzarrean, Txillardegik soilik jorratu zuen hizkuntzaren batasuna, Karta Idigia idatziarekin.
Geroztik, gaiari heldu zion Euskaltzaindiak, eta beste euskaltzale batzuekin batera, euskara batuaren arauak adostu zituen Txillardegik erbestean, eta 1965ean gizarteratu. Arau gehienak onartu zituen Euskaltzaindiak, 1968ko Arantzazuko Batzarrean.
Baina Txillardegi ez zen euskara batuaren arauak jartzera mugatu, soziolinguistikan ere aitzindaria izan baitzen. Euskal Herriko Unibertsitatean soziolinguistika ikasgaia eman zuen, eta matematika erabiltzen zuen horretarako.
Fito Rodriguez idazleak ondo ezagutzen zuen Txillardegi, 30 urtez harekin lan egin baitzuen. Haren ustez, Txillardegik ekarpen garrantzitsuak egin zituen soziolinguistika matematiko horren bitartez: “Euskaldunok hizkuntzarekiko dugun atxikimendua eta diglosia –beste hizkuntza handiagoen menpean gaudela, alegia– frogatu zituen”. Rodriguezek azaldu duenez, Txillardegik ikusi zuen “hizkuntza batek ez duela biderik egingo hezkuntzaren bidez soilik”, baizik eta “beste eredu soziolinguistiko batzuk” behar dituela, hau da, haurrez gain, helduak ere behar dituela. Korrikak egingo dion omenaldiaren bitartez, jende gehiago horretaz jabetzea espero du idazleak, aldi berean Txillardegi gehiago ezagutuz. Soziolinguistika gutxi balitz, euskal azentuan ere aditua zen, eta bere doktore tesia horren inguruan egin zuen.
Txillardegiren figura
Euskaraz gain, euskal nazioaren afera ere asko landu zuen Txillardegik, eta ibilbide politiko zabala izan zuen: Ekin eta ETAren sortzaileetako bat izan zen. ETAtik 1967an irten zen, eta Euskal Sozialista Biltzarrea (ESB), Herri Batasuna (HB), Aralar eta Eusko Abertzale Ekintza (EAE-ANV) alderdietan aritu zen, HBrekin senatari izatera iritsiz. Dokumentalean azaltzen den AEK-ren elkarrizketan Txillardegik berak esan zuenez, askotan “erradikal” gisa tratatu izan zuten, euskal abertzaletasunarekin eta hizkuntzarekin zuen konpromisoagatik.
Rodriguezen aburuz, ibilbide politiko horrek baldintzatzen du oraindik ere merezi duen onarpena ez izatea. Azaldu duenez, Txillardegi hil zenean, Donostiako Udal Liburutegiari bere izena jartzeko proposamena egin zioten udalari, eta hor atzeman zuten bere aurka zegoen jarrera: “Udal Liburutegiari Txillardegiren izena jartzeko proposamena egin genion udalari. Txillardegi donostiarra izanik, eta Koldo Mitxelenarekin batera euskara batuaren aitzindaria izanik, Mitxelenak duen onarpen maila berdina izatea merezi du. Hor ikusi genuen benetan Txillardegiren aurkako boikota zegoela”.
Idazlearen arabera, ez zituzten bere “ekarpen eta merituak” aintzatetsi nahi, “euskaltzale eta abertzale gehienen artean” onartuta badago ere, bere figura “estali” nahi dutenek “pisu gehiegi” dutelako. Hori dela eta, Txillardegi Liburutegia elkartea sortu zuten, eta hainbat lekutan Txillardegi era batera edo bestera omentzea (plaka bat jarriz, esaterako) lortu dute, hala nola, Antiguan duen horma-irudian, Baionan eta Arantzazun. Donostian ere onarpen hori lortzeko lanean dabiltzala adierazi du Rodriguezek, udala “lotsaren-lotsaz” konturatu dadin haren merituak “aldarrikatu behar direla, eta ez estali eta baztertu”.
Euskaltzain izateko ere bizkarra eman zion behin baino gehiagotan Euskaltzaindiak, hiru aldiz, hain justu: 1980an, eta bi aldiz 1987an. Koldo Mitxelena hil ondoren proposatu zuten azken aldiz euskaltzain izateko, baina, bere ordez, Ibon Sarasola idazlea hautatu zuten. Sarasolak berak, euskaltzain gisa aurkeztu zutenean, Txillardegiren aldeko diskurtsoa egin zuen: «euskara batuaren arima» izan zela esan zuen, eta berarengatik izan ez balitz Koldo Mitxelena ez zela “euskara batuaren kontuan sartuko”.
Horregatik guztiagatik, AEK-k aurtengo Korrikan Txillardegi omentzea “oso estimagarria” dela deritzo Rodriguezek, eta “lagungarria” izango dela Txillardegiren figura azalarazteko eta jendeak gehiago ezagutzeko. Izan ere, Rodriguezen aburuz, euskal kultura “zorretan” dago berarekin: “Txillardegi bezalako intelektual handi bat ezin dugu galdutzat eman, luxu bat izango litzateke hori euskal kulturarentzat”.
Argazkiak: Txillardegi, batasunaren pentsalaria liburua (Miren Rubio).