Bodyboardlari kinkiz bete zen Ondarreta larunbatean
Antiguako lagun talde batek sortu zuen ‘Body Board txapelketa kinkia’, eta lau urtez antolatu zuen lehiaketa. Hamar urtean zehar, ordea, egiteari utzi zioten, eta duela bi urte erabaki zuten berreskuratzea. Beste behin egin zuten txapelketa larunbatean, apirilaren 6an, giro ederrean.
Ales Ganzarain antolakuntzako kideak IRUTXULOKO HITZAri jakinarazi dionaren arabera, 35 pertsona inguruk eman zuten izena. Gainera, belaunaldi desberdinetako jende asko joan zen txapelketa ikustera. “Jendea oso gustura egon zen, txapelketa hau auzoan antolatzen dugun egitasmo berezi eta alternatiboa delako”, adierazi du Ganzarainek. Txapelketan parte hartu zuten eta ikustera joan ziren pertsonen jarrera ona nabarmendu du: “Jendeak aktiboki parte hartu zuen. Muntaketan eta jasotzen lagundu zuten, eta ingurua txukun mantentzeko garrantzia ez genuen aipatu behar ere izan”.
Txapelketarekin lotutako merchandisinga jarri zuten salgai, eta txokolate jana prestatuko zuten. Bodyboard txapelketa kinkiaren ondoren Txantxarrekan elkartu ziren, Peye Honey eta A la vuelta de la eskina taldeen kontzertuak entzuteko.
Hasiera batean, martxoaren 23an egin behar zuten txapelketa, baina eguraldia dela eta ezin izan zuten egin. Larunbatean olatu “txukunak” egon zirela baieztatu du Ganzarainek, eta aurtengoa urterik oparoena izan dela gaineratu du. “17:00ak aldera olatuen tamaina handia zen eta haize ona zegoen, baina, orduak aurrera joan ahala ipar haizea sartu zen eta itsasoa mugitua gelditu zen”, laburbildu du. Finaletan olatu “kaskarragoak” egon zirela aipatu du, eta nabarmendu du parte hartzaileek “maila handia” eman zutela.
Iaz hartu zuen parte lehen aldiz emakume batek, Maider Romero bizkaitarrak. Aurten, parte hartzaile kopurua hazi egin da. Emakumezkoen txapelketan honakoak izan ziren lehen sailkatuak:
1. Nagore Perez
2. Lucia Garcia
3. Marta Lekube
4. Rocio Leizola
Gizonezkoetan aldiz, honakoak izan ziren lehen lauak:
1-Iñaki Gorospe
2-Ekain Barandiaran
3-Julen Barroso
4-Imanol Osteriz